Unai Amenabar, Hibaikako arraunlarien prestatzaile berria
Amenabarrek, hogei urtetik gora daramatza arraun munduan eta azken urtetan Orio Arraun elkartean aritu da prestatzaile.
Unai Amenabar izango da Hibaikako arraunlarien prestatzaile berria. Mikel Odriozola errenteriarra aritu da lan horretan azken zortzi urteetan, eta aurten bukatutzat eman du egiteko hori.
Amenabarrek, hogei urtetik gora daramatza arraun munduan eta azken urtetan Orio Arraun elkartean aritu da prestatzaile. 1996an hasi zuen bidea arraunlari gisa Alebin Mailan eta 2012ra arte Bateletako Espainiako txapelketa irabazi zuen 1998an, 2000 eta 2002 urteetan Haur, Kadete eta Gazte mailan. Trainerillako Espainiako txapelketa ere irabazia du 2001ean Gazte mailan. Aulki Mugikorrean berriz Espainiako txapeldun izan da kategoria absolutuan 2005ean.
Traineruan arraunean aritu da 2003tik 2013ra Zarautz, Santurtzi eta Getaria taldeetan, besteak beste. Prestatzaile lanetan eskarmentu handia du Amenabarrek. 2007an hasi zuen bidea arlo horretan Orio Arraun Elkarteko Gazte Mailako arraunlariekin; 2009-2011 artean Santurtzin aritu zen; 2011-2012 urteetan Zumaian; azkenik, 2012-2016 urteen artean eta 2023-2024 denboraldian Orio Arraun Elkartean.
2022an, gainera Orio Arraun Elkarteko arraun eskolako koordinatzaile izan zen.