Herriko jaietan izan diren eraso matxistak salatzera deitu du udalak
Gaur arratsalderako elkarretaratzea antolatu du udalak. San Pedroko pilotalekuan bilduko dira pasaitarrak.
Pasaiako Udalak elkarretaratzea deitu du gaurko (hilak 18) San Pedroko pilotalekuan. Besteak beste, joan den hil bukaerako San Pedro Txikietan izandako eraso matxista gaitzetsiko dute. Eta bide batez, azken urte honetan lau barrutietako jaietan izandako eraso matxista guztiak salatzera deitu dituzte pasaitarrak. 19:30ean jarri dute hitzordua.
Udalak kaleratu duen adierazpen instituzionalean “publikoki eta aho batez” salatu dituzte indarkeria matxista kasu guztiak, eta “emakumeen kontrako indarkeria matxista behin betiko desagerrarazteko konpromisoa” berretsi du. Biktimei eta haien gertukoei elkartasuna eta babesa helarazi die erakundeak, eta udal baliabide eta zerbitzuak haien eskura daudela. “Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen. Emakumeen aurkako indarkeria matxista gehiagorik ez!”.