Pasaiako Portuko Itsas Kapitain ohi Josu Bilbaok Gurutze Gorriaren aitortza jaso du
Zilarrezko Domina entregatu diote gaur jubilatu berri den barakaldarrari, "Gurutze Gorriaren itsas salbamenduko jardueran antolakuntzari emandako laguntzagatik".
Urte luzez Pasaiako Portuko Itsas Kapitain izandako Josu Bilbaok Gurutze Gorriaren aitortza jaso berri du. Zilarrezko Domina entregatu berri diote gaur (hilak 23) jubilatu berri den barakaldarrari,”Gurutze Gorriaren itsas salbamenduko jardueran antolakuntzari emandako laguntzagatik”. Errekonozimendu hau boluntario jardueren “garapenean, edo Espainiako Gurutze Gorriaren printzipioak eta helburuak babestu, lagundu, defendatu, hedatu eta betetzean nabarmendu diren pertsonei” ematen diote.
Askotariko lanak egin ditu itsas kapitainak Gurutze Gorriarekin lankidetzan: erreskate operazioen koordinazioan aritu da, eta hari esker “protokolo eraginkor bat ezarri” dela gaineratu dute sariketan; “etengabeko prestakuntzaren defendatzaile sutsua” izan dela esan dute ekitaldian, eta itsas segurtasunaren sustapenean hainbat egitasmo sustatu dituela, “itsas komunitatean segurtasunaren garrantzia sentsibilizatzeko, istripuak prebenitzeko kanpainak eta nabigazioko jardunbide egokien zabalkundea eginez”.