Informazio kanpaina bat abiatu du udalak, "udalerria garbiago mantentzeko" asmoz
Hondakinen kudeaketa egokia izan dadin, bando bat banatzen hasi da udala herriko etxeetan.
Hondakinen kudeaketa egokiarekin arduratuta, Pasaiako Udalak informazio kanpaina bat abiatu du, “udalerria garbi mantentzeko helburuarekin”, udaleko iturrien arabera. Datozen egunetan bando bat iritsiko da pasaitar guztien etxeetara.
Udalerriaren garbiketa ez dela udalaren erantzukizun soila esan du Teo Alberro alkateak, “Pasaiako herritar guztiok modu aktiboan hartu behar dugun konpromisoa baizik”. “Herritarrak gehien kezkatzen dituen gaietako bat da behar den lekuan uzten ez diren hondakinena, eta, beraz, bizikidetza arazo bat sortzen du horrek. Egoera batzuetan zabor poltsak, altzariak edo obra hondakinak gaitu gabeko eremuetan uzten dira, eta horrek eragin negatiboa du gure ingurunean eta bizilagunen bizi kalitatean”, erantsi du. Horregatik, abiatu duten neurria “funtsezkoa” dela gaineratu du, ez soilik araudiaren informazioa emateko, “baita praktika desegoki horiek egiten dituztenak kontzientziatzeko eta herritarrei laguntza eskatzeko ere”.
Iraitz Pazos Zerbitzuetako eta Ingurumeneko zinegotziak “espazio publikoak baldintza ezin hobean mantentzeko” kale garbitzaileek egiten duten lana eskertu eta goraipatu du, baina halere, zenbait bizilagunek “jarrera desegokiak” dituztela dio, eta hondakinak edukiontzietatik kanpo uzteak langileen lana “zailtzen” dutela. Kanpainaren bidez jokabide horien “ondorioei buruz sentsibilizatu” nahi dituzte pasaitarrak batetik, eta gaikako bilketari buruzko araudiak betetzen ez dituztenei ezar dakizkiekeen zigorrei buruz ohartarazi bestetik.
“Funtsezkoa da Pasaiako herritarrek ulertzea gure udalerria garbi mantentzeko ardura guztiena dela. Udalak baliabide guzti ak jartzen ditu gure kaleen garbitasuna eta egoera ona bermatzeko, baina bizilagunen laguntzarik gabe, ahalegin horrek ez luke esperotako emaitza izango”, erantsi du Pazosek.
Alkateak hondakinak behar bezala bereizteak duen garrantziaz jabetzera gonbidatu ditu herritarrak, ez bakarrik zigorrak saihesteko, baita “Pasaia garbiago eta jasangarriago baten alde egiteko ere”.
Datozen egunetan etxeetara iritsiko den bandoa hemen irakur daiteke.