Pasaiako LGTBI+ kolektiboaren diagnostikoan parte hartzera deitu dute
Kaleratu berri duen bideo baten bidez, herriko LGTBI+ komunitatearen errealitatea jasotzeko abiatu duen prozesuan parte hartzera deitu du udalak.
Pasaiako LGTBI+ komunitatearen errealitatea ezagutzeko lanean ari da udala. Formulario bat zabaldu berri du erakundeak, kolektiboaren bizipenak, kezkak, beharrak edota aldarrikapenak zeintzuk diren jasotzeko. Finean, Pasaiako LGTBI+ bizitzen “argazki bat” atera nahi dute, eta horretarako parte hartze prozesu bat abiatu berri dute.
Herritarrak parte haratze prozesu honetan parte hartzera deitu ditu udalak, eta kanpaina zabaltzeko bideo bat kaleratu berri dute (behean ikus daiteke).
Eihara kooperatiba izango du bidelagun udalak, eta asmo nagusia “Pasaian LGTBI+ errealitateak jasotzeko eta kolektibo honen bizi baldintza duinak bermatzeko neurriak diseinatzeko prozesu bat abian jartzea” izango da. Urtebetez luzatuko dute diagnostikoa. Datorren urtean aurkeztuko dituzte emaitzak eta ondorioak, aurkezpen publiko batean.
Kolektiboko kideei haien iritziak eta bizipenak bidaltzeko deia egin diete, formulario honen bidez. Anonimoki erantzun daiteke.