[Erreportajea] Hurkoa ezagutzearen garrantzia
SOS Arrazakeriaren Bizilagunak egitasmoa egingo da azaroaren 24an. Bertako eta jatorri atzerritarreko familiak bazkaltzera bilduko dira.
Azaroaren 24an SOS Arrazakeria elkarteak antolatutako Bizilagunak egitasmoaren 2024ko ekitaldia egingo da Euskal Herriko hainbat txokotan. Bizilagunak-ek bertako eta jatorri atzerritarreko familiak elkartzen ditu etxebizitza batean bazkari bat egiteko. Bazkari horiek igande batean izaten dira beti, eta igandeko bazkari ezberdin bat osatzen da. Aurtengo Bizilagunak Hamaika zapore, mila istorio esaldiaren lelopean egingo da, eta esaldi horrek ezin hobe islatzen du egitasmoaren filosofia, mahaiaren bueltan zapore ezberdinak dastatu eta mila istorio kontatu baitaitezke hurkoa ezagutzeko.
Bizilagunak Txekiar Errepublikan jatorria duen egitasmoa da. Herrialde horretan The Next Door Family proiektua sortu zuten 2004an, eta hango formatua ezagutu ondoren, Euskal Herrira ekartzea erabaki zutela kontatu du Gerar Carrere SOS Arrazakeriako kideak. Bertako eta jatorri atzerritarreko familiak mahaiaren bueltan elkartzea «ideia ona» iruditu zitzaiela azaldu du Carrerek, eta 2012tik ari dira Bizilagunak egitasmoari ahotsa eta hauspoa ematen Euskal Herrian. Bizilagunak Gipuzkoan egiten da gehienbat, baina azken urteetan Euskal Herriko beste txokoetara ere hedatu da. Batez beste, 200 eta 300 bazkari artean antolatzen dira urtero.
Txekiar Errepublikako formulari jarraituz, SOS Arrazakeriako kideak adierazi du bertako eta jatorri atzerritarreko familiak elkartzean herritarren arteko sareak sortzen direla. Elkartasun sare horiek jatorri atzerritarreko familientzat «garrantzitsuak» direla nabarmendu du Carrerek, beren zirkulutik atera eta jende berria ezagutzen baitute haiei esker. Aldi berean, bertakoentzat ere formula baliagarria dela baietsi du SOS Arrazakeriako kideak: «Bertakoentzat garrantzitsua da jatorri atzerritarra dutenengana iristea. Badakite hor daudela, baina askotan ez dute sarbidea edo kontaktua haiengana iristeko».
Bizilagunak-ek «komunitatea sortzeko» eta «pertsonak ezagutzeko» bokazio argia duela esan du Carrerek; baina ez hori bakarrik, bi aldeetatik izan daitezkeen «estereotipoak hausten» ere laguntzen baitu. «Garrantzitsua da besteekiko ditugun estereotipoak haustea. Estereotipo horiek sarritan negatiboak dira, eta askotan pertsonen bazterketaren arrazoi dira. Estereotipoak haustea eta jendea ezagutzea beharrezkoa iruditzen zaigu», esan du SOS Arrazakeriako kideak.
Egungo egoera ere azaleratu nahi izan du Carrerek, egun gertatzen ari denak pertsona etorkinen zaurgarritasuna areagotzen baitu. Azkenaldian sare sozialetatik «egiazkoa ez den» informazio pila dabilela zehaztu du SOS Arrazakeriako kideak, eta mezu horien atzean etorkinen aurkako jarrera mordoa antzeman daitezkeela jakinarazi du: «Esaten da migratzaileak gaizkileak direla, gauzak kentzera datozela edo laguntzetatik aprobetxatzen direla. Erridikuluak diruditen ideia asko funtzionatzen ari dira, eta korronte politiko oso kontserbadoreak elikatzen ari dira horiek, non migrazioa den etsai nagusia. Politikoki oso egoera zaila bizitzen ari gara, non arazo nagusia migrazioa den». Egoera horren aurrean, Carrere ziur da Bizilagunak bezalako egitasmoak horrelako korronteei aurre egiteko gai direla: «Gizarte inklusiboagoak eraiki eta migrazioa errealitate bat bezala antzeman behar dugu, ez mehatxu gisa».
Laburbilduz, honakoa da Bizilagunak egitasmoak bilatzen duena: «Bizilagunak erreminta ona da estereotipoak eta aurreiritziak hausteko, herritar sareak osatzeko, gizarte kohesionatuago bat eraikitzeko eta jende berria ezagutzeko. Hori da bilatzen duguna».
Egitasmoaren funtzionamendua
Bizilagunak egitasmoak 200 eta 300 bazkari artean jasotzen ditu urtero, baina bilkura horiek ez dira ezerezetik sortzen. Bazkariak antolatzeko, lehenik eta behin erakartze prozesu bat egiten dute SOS Arrazakeriako kideek, familiak eta parte hartzaileak lortzeko eta egitasmoak jarraituko duela ziurtatzeko. Une honetan erakartze prozesu horretan daude, eta familia bila dabiltza, bertakoak eta jatorri atzerritarrekoak. Familia ereduekin, gainera, malgutasuna dutela adierazi du Carrerek, kuadrillak edo pisukideak ere elkartu baitaitezke parte hartzeko.
Erakartze prozesuaren barruan, familiek fitxa moduko bat betetzen dutela jakinarazi du errenteriarrak, dituzten «lehentasunak» antzemateko. «Familiek, esaterako, zein zaletasun dituzten azaltzen dute, zein lan duten zehazten dute, eta seme-alabak ote dituzten edota animaliak gustuko dituzten adierazten dute», esan du Carrerek. Lehentasun horiekin «argazki moduko bat» egiten dutela baietsi du SOS Arrazakeriako kideak, eta antzeko elementu horiek baliatuta, familiak elkartzen dituzte bazkarirako.
Mahaiaren bueltan bilduko diren familiak erabakita, dinamizatzailea sartzen da ekuazioan. Dinamizatzaileek, lehenik eta behin, ikastaro batzuk egiten dituztela jakinarazi du Carrerek, «Bizilagunak-en filosofia uler dezaten». Egitasmoak zertan datzan ezagututa, dinamizatzaileak familiak kontaktuan jarri eta bazkariaren logistika antolatzen du. Harekin zehazten dituzte geratzeko ordua eta zein jaki prestatuko dituen familia bakoitzak. Bazkariaren inguruan sor daitezkeen dudak ere argitzen ditu dinamizatzaileak. Horrez gain, bazkariaren egunean, hau da, azaroaren 24an, dinamizatzailea ere mahaiaren bueltan izango da, eta topaketaren inguruko informazioa bildu eta argazkiak aterako ditu. Ondoren, txosten bat beteko du SOS Arrazakeriako kideei igortzeko.
Bazkariak, gainera, etxebizitzetan egiten saiatzen direla nabarmendu du Carrerek, helburua baita «beste familia bat zure etxebizitzara gonbidatzea». Carrerek kontatu du norberaren etxebizitzako ateak irekitzea «garrantzitsua» dela SOS Arrazakeriarentzat: «Hemen dezente kostatzen da norbait zure etxera gonbidatzea. Hemen, normalean, elkarte batean edo kalean elkartzen gara, ez dago etxera gonbidatzeko ohitura handirik». Etxeko ateak irekitzea, baina, «oso ohikoa» da munduan, eta ohitura hori ere hona ekarri nahi dutela zehaztu du Carrerek: «Munduan zehar, jendearekin geratzen zarenean edo gonbidatzen dituzunean, zure etxean egiten duzu, eta hori dezente kostatzen zaigu hemen. Horregatik, horixe da guk nabarmentzen dugun kontuetako bat: zure etxebizitzako ateak irekitzearen garrantzia».
Izen emateak, irekita
Hilabete geratzen da mahaiaren bueltan bildu eta 2024ko Bizilagunak egitasmoa egiteko. Aurrez aipatu bezala, erakartze prozesu bete-betean daude SOS Arrazakeriako kideak, familiak lortu eta egitasmoa gauzatu ahal izateko. Hori dela eta, parte hartzeko izen emateak irekita daude oraindik, eta interesa duten familiak bi modutara apunta daitezke: www.sosracismogipuzkoa.org/bizilagunak webgunean dagoen galdetegia beteta, edo Errenteria-Oreretako SOS Arrazakeriaren telefonora deituta (658 74 97 56).
Bizilagunak «onespena» duen egitasmoa dela adierazi du Carrerek. Urtero antolatzen diren 200-300 bazkarietan ikus daiteke jendeak parte hartzen duela; baina harrera ona bada ere, azken ureetan «geldialdi bat» izan duela jakinarazi du SOS Arrazakeriako kideak. Parte hartzen duen jendeak «gustura» bukatzen duela eta haien esperientzia «ezin hobea» dela jakinarazi du Carrerek. Askok, gainera, bazkariaren egunean hasitako harremana gerora ere mantentzen dutela baietsi du. «Uste dut oso esperientzia interesgarria dela». Hori dela-eta jendea parte hartzera animatu du.
2012tik herritar askok hartu dute parte Bizilagunak-en. Horietako bi dira Xixilio Maritxalar errenteriarra eta Shyrsley Vazquez perutarra. Iazkoa izan zen bien lehen aldia egitasmoan, eta aitortu dute esperientzia «oso ona» eta «aberasgarria» izan zela. Maritxalarrek bertako familia bezala hartu zuen parte, eta Vazquezek, jatorri atzerritarreko familia gisa. Iazko bazkariak arrasto ona utzi zien biei, eta azaroaren 24an berriz ere mahaiaren bueltan izango dira, Bizilagunak-en errepikatuko dute.
Maritxalarrek aitortu du «gorputzak eskatzen» ziolako hartu zuela parte Bizilagunak-en. «Etorkinekiko arrazakeria eta bazterkeria jarrera asko daude, eta gauza mordoa leporatzen zaizkie. Ikaragarria da hori», esan du. Maritxalarrek kontatu du Carrerek proposatu ziola Bizilagunak-en aritzea, eta proposamena onartu zuen. Iaz bi familia izan ziren bere etxean bazkaltzen, eta baietsi du «oso gustura» egon zirela. «Hitz egiten hasi ginenean, konfiantza transmititu eta oso ondo pasa genuen», kontatu du. Horregatik errepikatuko du aurten.
Etorkinen aferari erreparatuz, Maritxalarrentzat funtsezkoa da «beren lekuan» jartzea eta «pauso hori» ematea; horrela, «babestuago» eta «konfiantza gehiagorekin» sentituko baitira bere ustez. Izan ere, gizartean jende «arrazista» eta «manipulatzailea» badago ere, «sentsibilitatea» duena ere badagoela adierazi du Maritxalarrek: «Garrantzitsua da haiek ikustea gure ondoan eta inguruan daudela. Norberak, bere neurrian, zerbait egin dezakeela uste dut, kontzientzia badu. Askotan jasotzeko prest gaude, baina emateko orduan arazoak izaten ditugu. Etorkinak kontuan izan behar ditugula argi dut».
Vazquez iazko abuztuan etorri zen Perutik Errenteria-Oreretara, bere familiarekin. Urtebete pasatxo darama soilik gure artean, eta Bizilagunak egitasmoari esker bertako jendea eta ohiturak ezagutzeko aukera izan duela jakinarazi du. Hemen daraman denboran «gauza dezente» ezagutu dituela nabarmendu du, mugitzea eta jendearekin kontaktuan egotea gustatzen baitzaio. «Gakoa da jendea ezagutzea eta zure eremutik ateratzea, etxean itxita ez gelditzeko», esan du.
Bizilagunak-eko esperientzia «interesgarria» eta «oso polita» izan zela aitortu du Vazquezek, eta aurten ere mahaiaren bueltan izango da: «Beste kultura bat ezagutu ahal izan dut. Egokitu zitzaigun familiak, gainera, Peru ezagutzen zuen, eta nire herrialdearen gaineko hainbat gauza zekizkiten. Oso ondo moldatu ginen haiekin. Nire alabaren adineko alaba bat zuten haiek, eta gauza mordoaz hitz egiteko aukera izan genuen».
Vazquez, jatorri atzerritarreko familiako kide gisa parte hartzeaz gain, SOS Arrazakeriako kide ere bada. Elkartearen bidez iritsi zen Bizilagunak-era, eta egitasmoa «interesgarria» iruditu zitzaionez, parte hartzea erabaki zuen. Orain, gainera, familiak erakartzeko prozesuan ere buru-belarri dabil, berea bezalako familiak lortzeko eta aurten ere Bizilagunak egin ahal izateko. «Niri esperientzia gustatu zitzaidan, eta ondo dago denbora beste familia batzuekin partekatzea. Horregatik nahi ditugu familia berriak, haiek ere jakin dezaten zer den Bizilagunak».
Proiektuaren filosofiarekin bat egin du Maritxalarrek, eta uste du egitasmoari oihartzun handiagoa eman behar zaiola, jende gehiagorengana iristeko: «Errenteria-Oreretako eta Oarsoaldeko jendera iritsi behar gara, jakin dezaten hemen mugimendu bat dagoela saiatzen ari dena etorkinak babesten, hobeto bizi daitezen».