HITZAkideak historiaz janzten hasi dira Oiasson
HITZAren 'Igandean historiaz jantzi' bisita gidatuen egitasmoaren lehena egin zen atzo Irungo Oiasso museoan. HITZAkideak, historia gosez.
Atzo, igandearekin, 12:30ean dozena bat HITZAkide bildu ziren Irungo Oiasso Erromatar Museoaren atarian, Irunen egon zen Antzin Aroko portu ospetsuaren historia ezagutzeko irrikaz. HITZAren Igandean historiaz jantzi bisita gidatu zikloko lehena izan zen atzokoa.
Museoko kideen azalpenak aberastu zituzten zenbait HITZAkidek, informazioa gehituz eta baskoiek erromatarrekin izan zuten harremanaren inguruko eztabaida piztuz. Museoak ikusgarri dituen pieza ugariez gain, eraikinaren atzealdean topatu ziren termen indusketa lanak erakutsi zizkieten bisitan izan zirenei, urtebete barru era irekian bisitatu ahalko direnak.
Estrabon, Plinio Zaharra eta Ptolomeok eman zuten Oiasso hiriaren berri, merkataritzarako portu garrantzitsu izandakoa alde batetik (Oiartzungo Arditurriko meatzeen ustiaketaren itsasorako irteera besteak beste), eta bestetik Burdigala (Bordele) eta Londiniumekin (Londres) harreman iraunkorra izan zuen. Galtzadaz Pompaelo (Iruñea) eta Tarraco (Tarragona) bezalako hiriekin komunikatua.
Hurrengoa bisita gidatua Mater Ontzi Museo Ekoaktibora egin ahal izango dute HITZAkideek, azaroaren 24an. Horretarako izena emateko (doan da), baliatu honako esteka.