Iazko urtarrilaren 5etik aurtengo abuztuaren 5era bitarte zazpi pertsona hil dira Lezo eta Errenteria batzen dituen bidean, GI-636 errepidean. Horietatik bost auto zein moto istripuetan zendu dira. Beste biak, oinez, errepidearen alde batetik bestera pasatzen ari zirela ibilgailu batek harrapatuta; izan ere, tarte horretan ez dago oinezkoentzako biderik, ezta alde batetik bestera pasatzeko zebra biderik ere. Lezoko Gaintxurizketa auzoko bizilagunek eta enpresetako langileek diote bi oinezkoen heriotza horiek saihestu zitezkeela, eta, egoerak kezkatuta, abian dute «mobilizazio eta presio kanpaina», GI-636 errepideak hiltzen gaitu lelopean. Lezoko Udalak jakinarazi du «konponbide integral» baten alde ari direla lanean, tarte horretan istripu gehiago izan ez dadin eta Gaintxurizketako bizilagunen segurtasuna berma dadin. Erakundeek iragarri dute premiazko neurri gisa GI-636 gurutzatzeko behin-behineko pasabidea jarriko dutela.
GI-636 errepideak bitan zatitzen du Gaintxurizketa auzoa. Besteak beste, Gipuzkoako hiru hirigune populatuenak batzen ditu: Donostia, Oiartzualdea eta Bidasoa. Trafiko dentsitate handia duen bidea da. Izan ere, Gaintxurizketa erdibitzen duen tartean, hiru errei ditu errepideak: Irungo noranzkoan bi eta Donostiako noranzkoan bat. Auzokideek edo inguruko enpresetako langileek maiz gurutzatzen dituzte hiru erreiak, auzoaren alde batetik bestera joateko edo Euskotrenen geltokira iristeko. Izan ere, batetik bestera pasatzeko bide seguruena auzoaren kaskotik urrun dago —Lanbarren industrialdean—, eta, bi kilometroko ibilaldia egin beharrean, errepidea gurutzatzen dute. Hain zuzen, errepidea gurutzatzeko orduan gertatu dira istripu horiek. Auzotarrek hamarkadak daramatzate pasabide seguru bat eskatzen, GI-636 errepidean inor ez dadin hil.
Lezoko Gaintxurizketa auzoko zenbait bizilagun, urriaren 7an, Lezo eta Errenteria batzen dituen GI-636 bidean egin zuten manifestazio batean. URKO ETXEBESTE
Gaintxurizketarrek diote «asper-asper eginda» daudela. Horregatik, presio eta mobilizazio kanpaina indartu dute. Urriaren 7an elkarretaratze jendetsua egin zuten auzoa zatitzen duen errepidearen parean. Eskumena duten erakundeak «zeren zain» dauden, horixe galdetu zuten mobilizazioan. Urriaren 7ko eguna ez zuten ausaz aukeratu: bazekiten hilaren 10ean auzi hori izango zutela hizpide Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta lezoarrek bazekiten «herrialdea, hedabideak eta indar politikoak» eurei begira zeudela. «Orain da momentua», zioten. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Trenbide Sareak eta Lezoko Udalak abiatua zuten ordurako arazoari irtenbide bat emateko plana, baina, bizilagunen presioari esker, azkartu egin da prozesua.
Felix Urkola Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako foru diputatuak urriaren 10ean bertan iragarri zuen prest zituztela auziari aurre egiteko zenbait neurri, Lezoko Udalarekin batera landutakoak. Esan zuen lehena «urgentziazkoa» zela: GI-636 gurutzatzeko behin-behineko pasabidea egitea, horra iristeko bide seguruekin. Bigarrena, «epe luzeagokoa», behin-behineko pasabidea betiko pasabide izateko izapideak hastea. Iragarpen hori entzun ostean, iritzi baikorra dute auzokideek, baina «tentuz» mintzo dira. Oso pozik gaude erakundeak esaten ari diren guztiarekin, baina esaten dena egin behar da», esan du Joseba Ulazia auzokideak. «Hala ere, xehetasunak nahi ditugu: zer eta, zehazki, noiz egingo duten behin-behineko pasabidea. Urgentziazkoa da neurriak hartzea».
Behin-behinekoa, abian
Lehengo astean bildu ziren Foru Aldundia eta Lezoko Udala auziaz hitz egiteko. Bilkuraren ondotik jakinarazi zuten aldundiak jada prest duela, «presazko neurri» gisa, errepidea gurutzatzeko aldi baterako gaineko pasabidearen proiektua. Laster hasiko du foru erakundeak horren adjudikazio prozesua, 600.000 euroko kostuarekin. Bizilagunek agindu dute prozesuaren jarraipen zorrotza egingo dutela. Bien bitartean, behin betikoa izango den pasabidearen diseinuarekin lanean ari dira auziarekin zerikusia duten erakundeak.
Ulazia auzokideak gaineratu du instituzioek kontuan hartu dutela bizilagunen eskaeretako bat: Donostiara joan-etorria egiteko autobus geltokia. «Esan digute pasabide horretatik hurbil autobus geltokia jartzeko asmoa dagoela, Donostiarako noranzkoan. Irunera joateko autobus geltokia non jarri aztertzen ari dira orain. Gainera, esan digute Gaintxurizketako gainean dauden geltokiak mantenduko direla». Pasabidera iristeko «bide seguru eta argiztatu» bat ere egingo dute, eta Lezoko Udala hasia da horretan lanean.
«Oso pozik gaude erakundeak Gaintxurizketako pasabideari buruz esaten ari diren guztiarekin, baina esaten dena egin behar da»
JOSEBA ULAZIA Lezoko Gaintxurizketako bizilaguna
Auzokideen nahia da Irunera joateko noranzkoan dauden bi erreietatik bat kentzea. Diotenez, hala, «tarte zabala» egongo litzateke bai oinezkoentzat eta bai txirrindularientzat. Izan ere, bizilagunak kexu dira egun errepide ertzean dagoen tartea oso-oso txikia delako. «Esan digute 150 metroko tarte batean kenduko dutela erreietako bat, Errekalde hoteletik Muebles Rey saltokiraino». Baina auzokideen ustez, «laburregia» da tarte hori. «Nahi duguna da erreietako bat kentzea bostehun metroan, hau da, Errekalde hoteletik Gaintxurizketako goiko alderaino». Aldi berean, errepide horretan ibilgailuen abiadura moteltzeko neurriak eskatzen ari dira lezoarrak, arriskua murrizteko. Ulaziak jakinarazi du auzotarrak «adi» jarraitzen ari direla prozesua.