Zintzilik Irratiaren berrogeigarrenean, umorezko bakarrizketak
Ostiralean izango da irrati librearen urteurrenaren harira antolatutako bakarrizketa saio bikoitza.
Lau hamarkada bete ditu irratsaio eta informazioa modu alternatiboan lantzen eta eskaintzen Zintilik Irrati Libreak, eta 40 urteak behar moduan ospatzeko bakarrizketa saioa antolatu du ostiralerako —azaroak 1—.
Saio bikoitza izango da, izan ere bi bakarrizketari ariko dira oholtza gainean. Lehenik, Ion Martinez Txiki eta ondoren, Jon Plazaola. 18:00etan zabalduko dituzte ateak eta 18:30ean hasiko da saioa.
Euskaldunen jatorria, historia eta irria bakarrizketa taularatuko du lehenak. Big bangetik hasi eta gaur arte, “aitaren kobazuloa lehen euskal pintadetatik defendatuko dut, euskalduna naiz eta furgoneta dut”. Umorea, historia, kantuak, musika, 3D efektuak, karaokea eta euskal prretsonaje ezberdinen imitazioa uztartuko ditu: Oteiza, Xalbador, Evaristo, Laboa, Maurizia eta Maialen Lujanbio. Bigarrenak, berriz, Tu-tum platz! ikuskizuna eramango du Niessen Kulturgunera. Urretxuarra bere sorlekura itzuli da lan horretan, taula gainean azaldu zenetik 23 urtera, stand up formatuko bakarrizketari helduta berriro: “23 urte zaharrago, 23 urte jakintsuago eta 23 urte kabroiago”.
Sarrerak 10 euroan daude salgai Arkaitza tabernan; egunean bertan, berriz, Niessen Kulturguneko leihatilan eskuratzea izango da. Antolatzaileek aforoa mugatua dela jakinarazi dute. Sarrerekin bildutako guztia, berriz, Arrosa Irrati Sarearen alde izango da.
Berrogei urtez “tentsioa igotzen” izan direla eta horrela jarraitzeko konpromisoa erakutsi du irrati libreak: “adin horretan krisian sartzen garela esaten dute, dena mintzen hasten zaigula, ajeak astebetekoak direla, ahotsa ez dugula gaztaroan bezain kementsua”. Argi dago ez direla horiek betetzen irrati librearen kasuan, beraiek dioten moduan, “soberako kiloak, ile urdinak, burusoilak, gertutik ikusteko betaurrekoak” soinean badituzte ere, harrotasunez pasa omen dira “XLra”. Aurrerantzean, orain arteko bide beretik egiten jarraitzeko konpromiso irmoa erakutsi du Oreretako irratiak, “errealitatea kontatu, boterea zirikatu, etengabe emititu, milaka luma eta irratsaiorekin, saguzar, tximino, katu eta txoriz lagunduta”.
Entzule eta kolaboratzaileen “taupadak” dituela jarraitzeko “behar duten indarra” aitortu du, gainera, “beti hari batetik zintzilik gaudela jakinda ere, bostekoa eskaini diguzue, eta elkarrekin ikasi dugu zer, nori, nork…”.
Horregatik guztiarengatik 40 urte geroago “tentsioa igotzen” jarraituko duela gaineratu du Zintzilikek, eta “ahotsik gabekoen” ahotsa izaten.
Ostiralekoa izango da Zintzilik Irratiak denboraldi honetan egingo duen lehen jarduera; ondotik, gehiago helduko dira 40 urteurrena ospatzen jarraitzeko.