Santiago plazaren atzeko eremua berritzeko lanak, martxan
Zurruna izenez ezaguna den eremua birgaitzeko lanekin hasi dira. Aintzane Taberna alkateordearen arabera, jarduketa honek "bizilagunen aspaldiko eskakizun bati erantzungo dio".
Pasai Donibaneko Santiago plazaren atzeko zurruna izenez ezaguna den espazioa berritzeko lanekin hasi berri da udala. Aintzane Taberna alkateordearen arabera, jarduketa honek “bizilagunen aspaldiko eskakizun bati erantzungo dio”. Zurruna “urte askotan bizitza handiko gunea” izan dela dio: “beharrezkoa zen espazio hori duintzea. Aspaldi eskatu izan diote hori bizilagunek udalari, eta eskaera horri erantzutera goaz orain”.
Zurrunan slurry izeneko zoladura jarriko dute, bien arabera, “sektoreko lurzoru moldakorrenetako bat” baita. “Konponbide eraginkorra, ekologikoa eta ekonomikoa” dela gaineratu dute, eta obra hauei esker, “iraunkorra eta irristagaitza” izango dela eremua.
Bi txandatan egingo dituzte lanak. Lehenik, mendiko hormaren kontra dagoen zatia berrituko dute, eta bitarte horretan, bertako atarien ondoan korridore bat egokituko dute etxeetako sarrera eta irteera bermatzeko. Lehen fasea bukatzeko, 24 ordu itxaron beharko dira tratamendua lehor dadin. Bigarrenik, fatxadaren ondoan utzitako metro bateko korridorean eta zurrunara ematen duen eskaileran hasiko dituzte lanak.
Obrak iraun bitartean bizilagun guztiek etxetik sartu eta ateratzeko aukera izango dute. Horretarako, udaletxe zaharretik sarbide bat zabalduko du udalak.
Obrak egoki gauzatu ahal izateko udalak jakinarazi du “ezinbestekoa dela zorua lehorra egotea”, eta hortaz, euria egingo balu, atzerapenak egon daitezkeela.