2025ean, Ordenantza Fiskal berriak
Etxebizitza hutsak alokairu publikoko programetan txertatzeko hobariak izango dira, baita auto ekologikoagoetan inbertitzeko ere.
Plenoa izan zen atzo arratsaldean Pasaiako udaletxean. Beste zenbait gairen artean, 2025erako Ordenantza Fiskalak onartu zituzten udal ordezkariek, %2,9ko eguneraketa orokorrarekin. Eguneraketa horrek, Teo Alberro alkatearen arabera, “funtsezko zerbitzu publikoen kalitateari eustea ahalbidetuko du”. Zentzu horretan, “pasaitarren bizi kalitatea zaintzeko” asmoz, azken hileta aplikatutako soldata eguneratzeen azpiko igoera ezartzea erabaki zuten atzoko bilkuran, uztailetik uztailerako Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) erreferentziatzat hartuz.
2025eko tasetan aurki daitezkeen berritasunen artean, udalak %50eko hobaria ezarri du Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) Bizigune eta ASAP alokairu programetan sartzen diren etxebizitza hutsetan. Hutsik dauden etxeak “bizilagunentzako baliabide bihurtzea” nahi du udalak, alkatearen arabera, “etxebizitza aukera berriak jarriz pasaitarren eskura”. Horregatik, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko hobaria bikoiztu du udalak, “horiek etxebizitza publikoen programetan inskribatzea sustatuz”.
Horrez gain, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren “progresibotasunaren aldeko apustua” egin du udalbatzak, “auto ekologikoagoak erostea sustatzeko”. Udal gobernuko kideen arabera, “egungo hobariek ez zieten erantzuten larrialdi klimatikoaren eskakizunei”. Hala, gutxien kutsatzen duten ibilgailuek hobari handienak izango dituzte. Emisiorik gabeko edo motor elektrikodun ibilgailuek %50eko murrizketa jasoko dute zergan, eta hobari berriak sortu dituzte kilometroko 110gr baino gutxiagoko eta kilometroko 120gr baino gutxiagoko CO2 emisioak dituztenentzat ere. “Pasaia trantsizio ekosozialarekin konprometituta dago, eta mugikortasun iraunkorreko alternatibak sustatu nahi dugu”, erantsi du Alberrok.
Datorren urtean izango den beste aldaketetako bat hondakinen kudeaketaren tasarena da. Hondakinen kudeaketa tasa %15 handituko da “zerbitzuaren kostua estali ahal izateko”. Alkateak adierazi du doikuntza hori “beharrezkoa dela lega betetzeko. Igoera horrekin, hondakinak biltzeko eta kudeatzeko zerbitzuaren kostuak estaliko ditugu, defizitarioa izan ez dadin, baina azpimarratu nahi dut kudeaketa horren datuak hobetzea lortzen ez badugu, ez ditugula legeak ezartzen dituen helburuak beteko”. Horrek herriko ingurune naturalean “ondorio zuzenak” izan ditzakeela gaineratu du.
2025ko Ordenantza Fiskalek “hobekuntza tekniko eta legalak” ere jasotzen dituela gaineratu dute udal gobernuko kideek, haien arabera, “zaharkituta” geratu diren araudiak eguneratzen dituztenak. Udal gobernuak ziurtatu du udal tasak berrikusten jarraituko duela, hurrengo urtean “progresiboagoak izan daitezen” eta batez ere, “ekarpenak hobeto egokitu daitezen familia bakoitzaren egoerara, batez ere zaurgarrienera, eta Pasaia justuagoa eta ekitatiboagoa izan dadin”.