EAEko lehen mingain urdin kasua atzeman dute Oiartzunen
Gaixotasun birikoa Oiartzungo artalde batean atzeman dute. Eltxo batek animali batetik bestera pasatzen du gaitza. Ez die gizakiei eragiten.
ENBA nekazaritza eta abeltzaintza erakundeak jakinarazi duenez, EAEko lehen mingain urdin kasua atzeman dute Oiartzungo artalde batean. Joan den astean atzeman zuten kasua, eta orain, EITBk jakinarazi duenez, positiboa baieztatu dute.
EITBk dioenez, gaixotasun biriko ez kutsakorra da, eta batez ere ardiei eragiten die –Culicoides espezieko eltxoek transmititzen dute–. Gaixotasunak animaliaren egoeraren arabera hainbat ondorio sor ditzakeen arren, gizakiei ez die eragiten eritasunak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bidez baieztatu duenez, mingain urdinaren gaixotasuna kontrolatzeko neurri sorta bat aktibatu du. “Behi- eta ardi-aziendaren ustiategiek nahitaez hartu behar dute txertoa, zehazki, espezie horietako hiru hilabetetik gorako animalia guztiek. Foru erakundea berehala hasiko da kanpainarekin, eta bere gain hartuko ditu txertoa eskuratzeko eta aplikatzeko gastu guztiak. Aurreikuspenen arabera, 105.000 ardi buru eta 41.300 behi inguru txertatuko dira”.
Foru Aldundiaren arabera, penintsulan hogei urte baino gehiago daramatzan animalia gaixotasuna da mingain urdinarena, eta “duela gutxi” gaixotasunaren serotipo berriak agertu dira.
2022tik ez da gaixotasun horren kasurik izan EAEn.