Gari abeslaria Pasaian izango da azaroaren 17an
Kontu Kantari Solasaldi Musikatuen hurrengo protagonista izango da. 'Gari bakarka' izeneko ikuskizun berezia eskainiko du.
Gari abeslariak kontzertu berezia eskainiko du Pasaian datorren azaroaren 17an (igandea da). Kontu Kantari Solasaldi Musikatuen hurrengo protagonista izango da. Hertzainak taldeko abeslari mitikoa zuzenean entzuteko aukera izango da Juanba Berasategi aretoan, Gari bakarka ikuskizunarekin. 19:00etan hasiko da kontzertu berezia, eta sarrerak 5 euroan eskura daitezke jada, lotura honetan.
Aitor Brion Kultura zinegotziak azaldu du Garik argitaratu berri duen Behin Bizitzea diskoa aurkeztuko diela pasaitarrei, baina harago joango dela emanaldia. Bere ibilbideari errepasoa egingo dio, azken 40 urteetan taldean zein bakarka egindako abesti arrakastatsuenak eskainiko ditu. “Kontu Kantari formatuak, gainera, Gariren barneko pertsona ezagutzeko aukera emango digu. Gari bere ibilbide profesionalaz, bizipen pertsonalez eta anekdotez arituko zaigu, bere ohiko xarmarekin. Ezbairik gabe, mito bihurtutako musikara da Gari, eta ziur gaude Donibanen emango duen kontzertuak publiko pasaitarra eta ingurukoak hunkituko dituela”. Brionek erantsi du balitekeela “Hertzainak taldearen errepertorioko oihartzunen bat entzutea” azaroaren 17ko emanaldian. Gari Pasaian izatea “plazera” dela gaineratu du.
Aurkezle eta gidari lanetan Sua Esperantza aktore eta dantzaria ariko da, kontzertuak iraun bitartean Garirekin solasaldia egingo du. “Belaunaldi desberdinek musikaz eta solasaldiaz gozatzeko ilusioa dugu. Sua eta Gariren artean zenbait belaunaldi igaro dira, baina musika ederraren esentzia gure artean izan da beti”, erantsi du zinegotziak.