Gazteen erosketa ohituretan sakontzeko, hitzaldi-tailerra
Datorren ostegunean (azaroak 7) izango da solasaldia, Reina aretoan, 14:00etan. Gazteen erosketa ohiturak aztertuko dituzte saioan.
Datorren ostegunean (azaroak 7) Aldaketa diseinatzen hitzaldi-tailerra egingo dute Reina aretoan, 14:00etan, eta Celestino Martinez Perez tokiko merkataritza dinamizatzeko aholkularia izango da hitzaldia emango duena. Errenteriako Udalak eta Errenkoaldek antolatu dute saioa, eta merkatariei dago zuzenduta batez ere. Hots, jorratuko duten gai nagusia gazteak eta tokiko merkataritza izango dira.
Azken urteetan egindako hainbat ikerketen emaitzek azaleratu dutenez, besteak beste, gazteek ez dute tokiko merkataritzan erosten. “Erronka garrantzitsua dugu joera hori aldatu ahal izateko: kontsumitzaile gazteenen erosketa ohiturak ulertzea eta aldaketak planteatzean haien behar eta espektatibekin konektatzeko, haien aukerak, balioak eta lehentasunak kontuan hartuta”.
Ikerketen emaitzak erakusteko, hauen inguruan egin daitekeenari buruz hausnartzeko eta ekintza plan bat burutzeko asmoz antolatu dute jardunaldia.
Sarrera doakoa da, eta ez da izenik eman behar.