Euskararen erabilera areagotzeko plana osatu du udalak
2027. urtera bitarte lortu nahi dituzten erronkak eta gauzatuko dituzten ekintzak zehaztu dituzte zazpigarren plangintzaldian.
Oiartzungo Udalean euskararen erabilera areagotzeko plana osatu dute, eta 2027. urtera bitartean lortu nahi dituzten erronkak eta gauzatuko dituzten ekintzak zehaztu dituzte. Zehazki, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko egindako zazpigarren plangintza da.
Udaletik zehaztu dutenez 1990an onartu zuten lehen plan estrategikoa, eta ordutik udal funtzionamendua euskaraz izan dadin aurrerapauso nabarmenak lortu direla diote. Lehen plangintzaldietan langileen euskara gaitasunean jarri zuten fokua, eta euskararen erabilera izan da ondorengoetako erronka nagusia.”Egindako bideari esker oso maila altuan gaude Oiartzunen eta udal funtzionamendua ia erabat euskalduna da”, gaineratu dute.
Udalean euskararen normalizazioan urrats berriak zehazteko egoeraren analisia egin zuten lehenik, eta hizkuntzaren ezagutza eta erabileraren inguruko galdetegia egin zuten 100 langilek, “indarguneak eta hobetu beharrekoak antzemateko”. Gainera, zehaztu dute emaitzek “berretsi” dutela “euskararen alde duten konpromisoa erabatekoa dela”.
Hala ere, zenbait zailtasun eta gabezia detektatu dituzte, eta zerrendatu dituztenen artean dago euskara lan eta zerbitzu hizkuntza den arren ez dela beti sortze hizkuntza izaten. “Udalak kontratatzen dituen obra eta zerbitzuetan ere bada zer hobetua, hizkuntza klausulak txertatzen diren arren, zailtasunak izaten baitira betetze mailaren jarraipen sistematikoa egiteko”. Erabileraz gain, euskararen kalitatean ere, jarri dute azpimarra, “komunikazioaren hartzaileak bereziki herritarrak baitira”.
Irizpide eta erronka berriak udal langile eta ordezkari guztien artean lantzeko saioak egin dituzte urrian zehar: “Zeharkakotasunez landu beharreko gaia izango da, udala osatzen duten guztion ardura izango baita planean jasotakoa betetzea”.
