Juan Mari Beltran Argiñenak jasoko du Manuel Lekuona saria
Eusko Ikaskuntzak musika ondare tradizionala berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik emango dio Manuel Lekuona saria.
Eusko Ikaskuntzak jakitera eman duenez, Juan Mari Beltran Argiñena musika interpretatzaile, ikertzaile, sustatzaile eta irakasleak jasoko du Manuel Lekuona saria. Soinuenearen sortzailea saritu nahi izan du oraingoan Eusko Ikaskuntzak “musika ondare tradizionala berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik”.
1983an sortu zen saria euskal kulturaren alde lan egindako pertsonak goraipatzeko helburuarekin, eta aurtengoan argi dauzka epaimahaiak Beltran saritzearen zergatiak: “Bere lana dibulgazio multidimentsionala izan da, txikitik unibertsalera joan da, eta hainbat instrumentu Europako ingurune kulturalean kokatzen lagundu du”. Gainera, gehitu dute “ondareari abangoardiako itxura ematen asmatu” duela, eta “prestigio gabeko musika tresnei merezi duten errekonozimendua” eman diela.
Saridunak Etxarri Aranatzen hasi zuen bere ibilbide musikala klarinete eta txistuarekin, eta hamasei urterekin Argia Donostiako Euskal Dantzari taldean sartu zen. Irakasle gisa, berriz, Hernaniko Musika Eskolan eman zituen lehen urratsak alboka, dultzaina, txalaparta, txanbela eta txistua irakatsiz.
1960ko hamarkadan musika herrikoiari buruzko materialak biltzen hasi zen donostiarra, eta “bilduma partikular hori” Oiartzungo Soinuenea Herri Musika Txokoaren ernamuina izan zen 2002an. Desagertzeko bidean zeuden musika tresna tradizionalak berreskuratu, eguneratu eta belaunaldi berriei ezagutzera ematea ahalbidetu du Beltranek; baita euskal musikaren konposizioak berreskuratu eta zabaltzea ere.
2024ko Manuel Lekuona Saria Beltranena izatea erakunde hauen ordezkariek erabaki dute: Eusko Ikaskuntza, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboa, Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, UN Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Euskarabidea.
Udaberrian jasoko du saria Juan Mari Beltranek.