Pasaitarrak, itsas hondakinen kontrako borrokan tinko
Joan den asteburuan ur azpiko hondakinak jasotzen aritu ziren pasaitarrak, Gipuzkoako beste bost udalerritan bezalaxe. Igande honetarako beste hitzordu bat jarri du Mater-ek.
Joan den igandean hondakin bilketa bateratua egin zuten Gipuzkoako zenbait udalerritan, tartean, Pasaian. Orotara, 235 lagun aritu ziren itsas bazterrak garbitzen, Itsas Zaintza Sareak eta Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren deiari erantzunez. Pasaian, Mater ontzian hondakinak arrantzatzen aritu zen herritar talde bat. Beste talde bat ur azpian izan zen, hainbat urpekari hondakinak jasotzen ibili ziren badian.
Antolatutako sei bilketetan 300 kilogramotik gora jaso zituzten herritarrek. Orotara, 12.800 objektu eta hondakin zati baino gehiago bildu zituzten, gehienak plastikokoz pieza degradatu eta zatikatuak izan ziren. Datuak «harrigarriak» direla diote Itsas Zaintza Sareko iturriek, kezkati.
Igande honetan (hilak 24) ere hondakinak biltzen ariko dira Pasaian, Mater-ek Donibaneko Alabortza ingurua auzolanean garbitzeko hileroko hitzordua jarri baitu. 11:00etatik 13:00ak arte ibiliko dira hondakinak jasotzen.
Ekintza honek, Mater-eko iturrien arabera, «herritar zientzia, ingurumenaren babesa eta natura uztartzen» ditu.