Landetxeko taberna kudeatzeko lizitazioa jarri dute martxan
Hamabost egun naturaleko epea ireki dute proposamenak aurkezteko, beraz, abenduaren 13a izango da horiek aurkezteko azken eguna.
Landetxe udal eraikineko taberna-jatetxe zerbitzua emakida bidez kudeatzeko kontratazio prozesua abiatu du Oiartzungo Udalak. Bi urterako esleituko dute zerbitzua, urtebeteko bi luzapen egiteko aukerarekin; beraz, gehienez ere lau urteko iraupena izango du.
173 metro karratuko taberna dela zehaztu du udalak, eta 102 pertsonentzat du tokia. Bestalde, herritarrei zerbitzua ematea bermatzeko zabalik egon behar duen gutxieneko ordutegia zehaztu dute: astegunetan 9:00etatik 21:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan 10:00etatik 00:00etara.
Urtean esleipendunak udalari ordaindu beharreko 20.000 euroko kanona finkatu dute. Hala ere, proposamen ekonomikoan kopuru hori “hobetu” dezaketela diote prozesuan parte hartuko dutenek. Beste hainbat irizpide ere kontuan izango dituzte zerbitzua esleitzeko; hala nola, hainbat ekitaldi eta ekintza antolatzeko proposamenak egitea.
15 egun naturaleko epea ireki dute proposamenak aurkezteko, beraz, abenduaren 13a izango da horiek aurkezteko azken eguna. Pleguak eta gainontzeko informazioa hemen daude.