Euskara besarkatzeko lehen urrats sendoak
Euskal Herrira bizitzera etorri direnak besoak zabalik jasotzen dituzte Pasaiako Udal Euskaltegian. Miren Telletxearen klasean izan da HITZA.
Ia egunero, eta «txintxo-txintxo», haien hitzetan, Pasaiako Udal Euskaltegira joaten dira Isabela Briceño eta Arnulfo Calma. Gogoz eta oso adi jasotzen dituzte Miren Telletxearen irakaspenak. Venezuelatik etorritakoak dira biak, eta gurera heldu zirenetik, haien zenbait klasekide bezalaxe, euskararen munduan murgiltzeko apustua egiten ari dira.
Kontziente dira klaseek denbora kentzen dietela, esfortzu handia dela zeharo ezberdina den hizkuntza bat zerotik ikasten hastea, baina biek argi dute: «Bukaerara arte» ariko dela dio Briceñok, hizkuntza menderatu arte. Ama izango da aurki, eta etorkizunean haren alaba izango den Izarogatik murgildu da euskararen munduan: «Nire alabak euskara ikastea nahi dut, euskaraz ikastea nahi dut, eta nik ere harekin hala egin nahi dut. Horregatik hasi naiz ni neu ere, integratzeko. Nire alabaren irakaslearekin hitz egitera joan eta ulertu nahiko nuke, edo guraso bileretan esango direnen jabe izan». Lana bilakatzeko ere euskarak «ate gehiago» zabaltzen dizkiola aitortu du.
Calma orain dela urtebete heldu zen San Pedrora, hark dioen bezala, «mareak ekarri» zuen Pasaiara. «Abokatua naiz eta orain Blas de Lezo Itsas Eskolako ikaslea naiz. Heldu eta berehala txundituta geratu nintzen, paisaiarekin, kulturarekin, hizkuntzarekin… Maitasunez jaso naute, eta hainbeste maitasun eman didan herri horren hizkuntza aitortzeko eta integratzeko hartu dut euskara ikasteko erabakia. Hasieratik klasean, lanean eta kalean euskara asko entzuten nuen, eta argi dut nire etorkizunak euskarari eta itsasoari lotuta egon behar duela».
Bi hilabete daramate euskaltegian, eta irakaslea haien jarrera eta prestutasunarekin, eta noski, bilakaerarekin, harro dago, oso. «Etorri berriak dira. Ikusi dute hemen hizkuntza bat daukagula eta ikasten hasi dira. Eta konturatzen dira euskara ez dela hain erraza, oso aberatsa delako. Ahalegin eta esfortzu handia egiten dute. Balore handia dauka horrek guretzako. Haien aisia honetan inbertitzen dute, ia egunero bi ordu hartzen dituzte euskaltegira etortzeko. Oso eskertzekoa eta polita da hori», aitortu du, hunkituta. «Aurrera egiten dutela eta ni horren parte sentitzea ikaragarria da», erantsi du.
Briceño eta Calmarekin batera Euskal Herri kanpotik etorritako zenbait ikasle ere aritzen dira, baina gehienak bertan jaiotakoak direla azaldu du Telletxeak: «Hau ez da espresuki kanpotik datorren jendearentzat, denetik dago. Hemengo adineko emakumeak ditugu, adibidez, bizitza oso bat eman dutenak hemen eta egin beharreko zerbait daukatenak: euskara ikastea. Talde handi bat gara, anitza, behar oso ezberdinekin. Hemengoei ez zaie arrotza egiten hizkuntza, hitz asko dakizkite eta zerbait menderatzen dute. Baina kanpotik etorritakoentzat erronka oso handia da, ezer jakin gabe iristen direlako». Haien esfortzua txalotu du irakasleak.
Zailtasunak zailtasun, tinko
Euskara hizkuntza konplikatua dela berretsi ahal izan dute biek, baina ez dira damutu egindako apustuaz. Zer egin zaien gogorren galderari berehala erantzun dio Briceñok. «Esaldien hurrenkera, deklinabidea eta tx-ak», esan du, barrez. Calmak ere bide beretik jo du, baina ez zaiola hain arrotza egin esan du. «Nahiz eta konplexua izan, aukera bat eman nahi izan diot. Mantso-mantso, baina aurrera ari gara».
Bi hilabete eskas badaramatzate ere, lehen fruituak jasotzen hasi dira. «Euskaraz amesten hasi naiz!», aitortu du Briceñok, irribarre handi batekin. Calmak ere «lotsarik gabe» euskaraz aritzen dela dio: «Sekulakoak botatzen dizkiet nire irakasleei euskaraz, lotsarik gabe botatzen ditut, eta ulertzen didate». Telletxeak harro dio haiek direla «hemengoak xaxatzen» dituztenak: «Asko probokatzen dute. Eta haiek ahalegin hori egiten badute, hemengoek dugu giltza».
Zailtasunetatik harago, zer egin zaien berezien galderari berehala erantzun diote biek: euskalkiak. Calma: «Hainbeste euskalki izateak txunditu gaitu. Beste hizkuntzek dialekto ezberdinak izan ditzakete, baina normalean herrialdeetan banatuta daude. Hemen, ordea, toki oso txiki batean, asko daude. Paper dendan bizkaiera entzun dezaket, eta klasean irakasleak Arabako euskalkiaz egiten du. Ikaragarria da hori».
Kanpotik etorriei ilusioa mantentzea «funtsezkoa» dela dio Telletxeak: «Oso zaila da egunero klasera etortzera, hizkuntza zail bat ikastera. Desesperatu gabe ilusio hori mantendu behar dute. Horregatik dosifikatzen goaz. Belarriz asko ikasten ari dira, eta eguneroko kontaktua beharrezkoa da fintzeko. Zorionez, oso prest daude etortzeko.