Merkal Calzadoseko langileek 200 egun egin dituzte greban
ELA sindikatuak salatu du negoziazioetan aurrerapen batzuk lortu diren arren, gatazkak geldirik jarraitzen duela.
Gipuzkoako Mercal Calzadoseko langileek 200 egun egin dituzte greban, eta egoera horren harira, adierazpen bat argitaratu du ELAk. “Negoziazioetan aurrerapen batzuk lortu diren arren, gatazkak geldirik jarraitzen du, enpresak proposamen onargarririk ez duelako egin. Gauzak horrela, ELAk greba mugagabea mantentzea erabaki du”, dio oharrak.
Greban jarraitzen dute “enpresak uko egin diolako plantillaren eskaerak jasoko dituen hitzarmen propioa negoziatzeari. Ordutegiek ez dute asteko atsedenerako eskubidea errespetatzen eta enpresak ez du onartzen langileen antzinatasuna”.
Bestalde, gehitu dute gatazka hasi zenetik helburua izan dela “hitzarmen kolektibo duina lortzea”, eta aldarrikapen nagusietako bat dela antzinatasun plusa ezartzea. “Plus hori konpentsazio ekonomikoa izateaz gain, ibilbide profesionala, ahalegina eta esperientzia aitortzea ere bada, eta enpresak ez du hori aintzat hartu nahi izan orain arte. Gainera, atsedenerako eskubidea errespetatuko duten ordutegiak ere airean jarraitzen dute”.
Sindikatuak oharrean zehaztu duenez, enpresarekin azken aldiz azaroaren 15ean bildu ziren, eta bertan “argi geratu zen ez dagoela prest gatazka honi irtenbidea emateko”. Gauzak horrela, ELAk adierazi du lanean jarraituko duela “negoziazio bat ireki dadin eta gatazka hori konpon dadin”. Alabaina, grebak eta mobilizazioek aurrera jarraituko dutela iragarri dute.