"Ezin dugu onartu oinazea eta tragedia ikuskizun gisa baliatzea"
Antxoko hilketa matxistari zenbait komunikabide eta erakundek eman dioten "trataera" salatu du Pasaiako Udal Gobernuak. Morboa eta sentsazionalismoa elikatzea leporatu diete.
0Pasaiako Udal Gobernuak adierazpen bat kaleratu berri du, Antxoko hilketa matxistaren harira zenbait komunikabide eta erakundetatik “gai honi ematen ari zaion trataera” salatzeko. “Kezkaz” ohartarazi du, “desinformazioa sustatzeaz gain, biktimari, haren familiari eta hurbilekoei zor zaien errespetuaren aurka zuzenean jotzen” dutela halako titular eta irakurketek.
Adierazpen horiek ez direla lagungarri erantsi du erakundeak, “ez indarkeria matxistaren aurkako borrokan, ezta biktimari eta ingurukoei zor zaien errespetu eta erreparazioan”. “Morboa elikatu besterik ez dute egiten, eta zuzenean kaltetutako pertsonak eta dolu kolektibo hori bizitzen ari den komunitatea birbiktimizatzen dituzte”.
Horregatik, honakoa “argi” utzi nahi izan du udalak, hitzez hitz:
- Funtsezkoa da biktimaren anonimotasuna zaintzea. Komunikabideei, erakundeei eta gizarteari eskatzen diegu ez dezatela bere izena erabili; ez ditzatela zabaldu bere datu pertsonalak edo identifikatzeko moduko beste edozein informazio.
- Ildo horretan, Pasaiako Udalak ez du informaziorik emango biktimari buruz, ezta gertakariaren xehetasunei buruz ere. Gure lehentasuna diskrezioz jokatu eta biktimaren memoria nahiz ingurukoen dolua errespetatzea da. Halaber, dei egiten dugu datuen babesaren arloan indarrean dagoen legeria bete dadin.
- Publikoki arbuiatzen eta salatzen dugu zenbait komunikabidetan gertakariari ematen ari zaion trataera sentsazionalista. Halako komunikazioek morboa lehenesten dute informazio arduratsuaren gainetik, arazoaren larritasuna desitxuratzen dute eta biktimak merezi duen errespetua erabat urratzen dute. Ezinbestekoa da hedabideek etikaz eta arduraz jardutea.
- Errespetua eskatzen dugu, eta Gizarte Zerbitzuei eta gainerako erakunde eskudunei lan egiten uzteko. Ikuspegi profesional eta errespetuzko batetik soilik egin daiteke bidea erreparaziorantz. Espekulazioek eta kanpoko presioek prozesu hau zaildu baino ez dute egiten, eta biktimentzako kaltegarriak diren dinamikak betikotzen dituzte.
- Beste erakunde batzuen lankidetza eta inplikazioa eskertzen dugu. Publikoki aintzatetsi nahi dugu biktimaren familiarekiko eta hurbileko pertsonekiko diskrezioz, errespetuz eta babesarekin lan egin duten eta lan egiten jarraitzen duten erakundeen ahalegina. Ikuspegi koordinatu eta arduratsu hori funtsezkoa da hain une zailetan laguntza duina eta eraginkorra bermatzeko.
Bukatzeko, hilketaren aurrean “gure gaitzespena eta samin sutsua” berretsi nahi izan du udalak: “Gertakari lazgarri horrek arrasto sakona utzi du gure herrian, eta beste behin ere, indarkeria matxistari irmo, eta erpin guztietatik aurre egiten jarraitzeko premia azaleratu du. Udal Gobernutik indarkeria matxista desagerraraztek lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Berdintasunarekin eta justizia sozialarekin benetan konprometituta dagoen gizarteak ezin du onartu oinazea eta tragedia ikuskizun gisa bilatzea. Are eta gutxiago hilketa matxista bat egonik tarteko. Laguntzan, prebentzioan eta erreparazioan jarri behar da arreta, eta ez morboa eta sentsazionalismoa elikatzen”.
Lau barrutietako bizilagunei “konpromiso kolektibo honetan aktiboki bat egiteko” eskatu diete: “jarrai dezagun errespetuz eta arduraz lan egiten, egunero kolpatzen gaituen gaitz hau desagerrarazteko”.