"Izaera sozial eta eraldatzailea" izango du 2025erako udal aurrekontuak
Gizarte Zerbitzuak izango dira datorren ekitaldiko ardatz nagusia. 27,3 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du udal gobernuak.
Pasaiako Udal Gobernuak 2025ean izango duen aurrekontuaren berri eman du. Emandako informazioaren arabera, 27,3 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du datorren urteko ekitaldirako, udaleko iturrien arabera, “izaera sozial eta eraldatzaile nabarmenarekin, pasaitarrekin hartutako konpromisoarekin bat etorriz”. Aurrekontu honek, “barrutien beharrei erantzuteko” helburua duela gaineratu dute iturriek, baita “gizarte politikak bultzatzeko, herri garapen iraunkorra sustatzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko” ere.
27,3 milioi euro horietatik 2,7 inbertsioetara bideratuko dute. Horien artean 1,4 milioi Luzuriagako obretarako bideratuko dira, 200.000 euro Andonaegiko urbanizazioaren bigarren faserako, 120.000 kaleko hezitzaileen lokaletan hobekuntzak egiteko, 50.000 haur parkeak hobetzeko eta berritzeko eta 33.000 euro kirol instalazioak egokitzeko.
Gizarte Zerbitzuak izango dira, aurrekontuaren %11rekin, 2025erako politika publikoen “ardatz nagusia”, udaleko iturrien gaineratu dutenez. Orotara 128.000 euroko hazkundea izango du aurten sail honek, guztira, 3 milioitik gora inbertituko dira. Honako egitasmoak indartu nahi dituzte: 90.000 bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentro berria martxan jartzeko eskualdean; % 50 gehiago Bizipoz proiekturako, “65 urtetik gorakoen beharrak identifikatu eta artatzeko” asmoz; 20.000 euro gehiago familietan esku hartzeko; Gatazkak konpontzeko mahaia 32.000 euroz hornitzea; % 59ko igoera eguneko zentroetarako ekarpenean; 18.000 euroko partida berri bat sortzea, “etxerik gabeko pertsonei buruzko diagnostikoa eta ekintza plana egiteko” asmoz; eta % 4 gehiago mugikortasun urriko pertsonentzako garraioan.
Udaleko sailei erreparatuz gero, pertsonal gastuek %6,6eko igoera izango dute, “giza baliabideak indartzearen aldeko apustu sendoa” egin baitu udal gobernuak, “udal langileak funtsezkoak baitira kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko”. Honekin udal langileek azken hiletan izan duten eskaerari erantzungo diotela gaineratu dute, hau da, lanpostuen balorazioa gauzatuko dute, 1987tik egiten ez dena.
Udaltzaingoaren partida ere handituko dute datorren urteari begira (%42 hain zuzen), “funtsezko hainbat neurrik bultzatuta”. Bertakoen txartelak jaulkitzeko partida berri bat sortzea erabaki dute, “aparkatzeko ordenantza berria ezartzearekin lotuta”. 38.000 euro bideratuko dituzte nahitaezko pistolen hornidurarako, “indarrean dagoen araudia betez”. Horrez gain, “larrialdien aurreko erantzuna sendotzeko” asmoz, Babes Zibilarekin duen hitzarmena %64 handituko dute eta %5eko igoera jasoko du Katubihotz elkarteak, “abandonatutako animalien mesedetan”.
Urte honetan hasitako kultur programei eutsiko die udalak, eta 20.000 eurotan handituko dute kultur programaziorako ekarpena. Euskara Sailari 13.000 euro gehiago emango dizkiote, eta %48 igoko da helduak euskara hurbiltzeko egitasmoari eskainitako aurrekontua.
Gazteria sailari dagokionez, aurrekontua 80.000 euro handituko dute, eta kolektibo honen garapen pertsonaleko, prestakuntzak eta aisialdiko programak indartu dituzte. Haur eta nerabeen eskubideei dagokionez, %6 igo dute aurrekontua, eta udalak Oinherri sarearekin bat egitea erabaki du, “haurren eta nerabeen eskubideekiko konpromisoa berretsiz”.
Hirigintzak ere hazkunde esanguratsua izango du, 1,8 milioi eurokoa hain zuzen, honetara bideratuz: hondakinen kudeaketa hobetzeko 44.000 euro: Klima eta Energia Planeko ekintzetarako 89.000 euro: HAPO berriarentzat 400.000 euro; edukiontziak berritzeko 28.000 euro.
Zerbitzu eta Mantentze lanen sailari dagokionez, 150.000 euro inbertituko dituzte Donibaneko saneamendurako, kirol instalazioak egokitzeko eta haur parkeak berritzeko, besteak beste.
Berdintasn Silaren aurrekontua ere igoko dute, %3 hain zuzen. 12.000 euroko partida berri bat sartu dute indarkeria matxistarik gabeko jaietarako protokolo bat egiteko.
Kiroleko aurrekontuak “kirol jardueretarako sarbidea eta ekitatea indartzen” dituela gaineratu dute udal gobernuko kideek. Hala, 33.000 euro bideratuko dituzte kirol instalazioak egokitzeko; %42 gehiago emakumeen kirolean parte har dezaten sustatzeko diru laguntzetan; eta %13 gehiago eskola kirolerako. Horrez gain, Don Bosco eta Trintxerpeko futbol zelaiak mantentzeko ere “igoera esanguratsuak” izango direla iragarri dute.
Aurrekontu hauek “pertsonen ongizatearekin, jasangarritasunarekin eta berdintasunarekin konprometitutako kudeaketaren isla” dira, udal gobernuaren arabera. Gizarte zerbitzuetako aurrekontua “nabarmen handituta”, udalerri “bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzeko” lanean jarraituko dutela esan dute azkenik.