Bandaren Gabon kontzertua, hilaren 15ean
Errenteriako Musika Bandaren emanaldia Koldo Mitxelena ikastetxeko patioan izango da, 12:30ean. Gabon kantekin agurtuko dute 2024a.

Errenteriako Musika Bandak Gabon kontzertua eskainiko du hilaren 15ean. Emanaldia Koldo Mitxelena ikastetxeko patioan izango da, 12:30ean. Kontzertua Alain Ayerdiren zuzendaritza artistikopean egingo da, eta emanaldi horrekin, EMKEk hasiera emango dio Gabonetako zikloari. Halaber, Gabonetako aroa hastearekin batera, 2024ko denboraldia itxiko du EMKEk.
Urtea bukatzear dagoen honetan, EMKEko zuzendaritza tekniko eta artistikoak denboraldiaren balantze “oso positiboa” egin du. Goi mailako kontzertu eta jarduerak izan dituzte aurten, eta aitortu dute urte hasieran planteatutako “aurreikuspen guztiak gainditu” dituztela. Gure Bakarlariak izeneko ziklo ibiltaria hirutan egin dute aurten. Musikaste eta Atlantikaldia bezalako jaialdietan ere izan dira hainbat obra interpretatzen; eta San Inazioko eta Santa Zeziliako kontzertuak ere eskaini dituzte.
Gabon kantekin agurtuko du 2024a Errenteriako Musika Bandak. Igandeko kontzertuaren ondoren, bandako musikariak Gabon gau eguneko dianan eta Olentzero eta Mari Domingiren etorreretan izango dira. Gabonak pasata, urtarrilaren 6an itzuliko dira, 2025eko denboraldiari hasiera emateko.