Boleibolak ez du jada sekreturik euskararentzat
Boleibolaren gaineko gida-hiztegia ondu du Lucia Jimenez gazte errenteriarrak Oarso Boleibol taldearekin elkarlanean. Euskal Herrian gutxitua den kirol bati ahotsa eman dio, euskaraz.
Euskarazko boleibol gida laburra ondu du Lucia Jimenez errenteriar gazteak. Kirol horren inguruan dagoen «hutsunea» batez ere euskaraz betetzera datorrela bere lana azaldu du Oarso Boleibol taldeko lehendakari Nerea Lizeagak: «Jimenezek bere asmoaren berri eman zigunean zalantzarik ez genuen izan gure egin eta elkarlanean aritzeko». Joan den ostiralean aurkeztu zuten hiztegia Koldo Mitxelena institutuaren kirol aretoan —bertan egiten dituzte entrenamenduak—. Oarso Boleibol taldeak tresna berri hori euskararen erabilera normalizatzeko mesedegarri izango dela dio, «baita gure hizkuntza eta kulturarekin dugun konpromisoa agerian jarri eta indartzeko ere». Euskararen Egunaren karietara aurkeztu dute hiztegi hori.
Eurena Euskal Herrian kirol gutxitua dela esan zuen Lizeagak. «Horregatik interesgarria iruditu zitzaigun tresna hau eskaintzea jokalari eta entrenatzaileei, teknika zuzenak erabiltzen ohitu daitezen». Lan horretan laguntzaile aritu dira Jose Vicente Holgado Oarso Boleibol taldeko kirol zuzendaria, Itziar Iartzabal entrenatzailea, eta Maria Jimenez jokalaria. Hizkuntza ikuspegi aldetik, berriz, hiztegiari zuzentasuna ematen Errenteriako Udaleko Hizkuntza Politika saileko Arantxa Zabala aritu dela gaineratu du taldeko lehendakariak.
Hiztegia jokalari, entrenatzaile eta taldekideen artean banatuko dutela jakinarazi du Lizeagak, baina ez da horretara mugatuko egin duten lana. Oarso Boleibol taldearen webgunean eta sare sozialetan zabaltzearekin batera, lehiatzen diren beste kirol elkarteei ere helaraziko diete: «Hiztegia Errenteriako eta Gipuzkoako emakumeen boleibolaren erreferente izatea nahi dugu, eta hura sendotzeko tresna gisa ere ikusten dugu».
100 jokalari, denak emakumeak
Hiztegiaren egilea ez da jokalaria, baina bai haren ahizpa: «Ez nekien ezer boleibolaz, eta ahizparen partidak ikustera joan eta ez nintzen ezertaz jabetzen». Testuinguru horretan otu zitzaion hiztegia sortzea. «Gida bat egitea interesgarria iruditu zitzaidan ni bezala zeudenei kirol hau gerturatzeko eta ulergarriagoa egiteko; hiztegia da horren emaitza». Argi zuen euskaraz izan behar zuela, gainera. Zailena euskaraz informazioa bilatzea izan dela dio, kexu, «dena ingelesez edo gaztelaniaz dago. Euskarara jator ekartzea izan da, beraz, zailena». Emaitzarekin pozik da Jimenez, baita boleibol kluba ere, Lizeaga lehendakariak azaldu duen moduan. Momentuz hiztegiaren 130 ale argitaratu dituzte, «esan moduan gure web orrian ere eskuragarri izango da nahi duen ororentzat (oarsobolei.org).
Jimenezek 18 urte ditu eta Fisika ikasten ari da. Beste kirol batekin lotutako hiztegirik egitea pentsatu ote duen galdetuta, ez du aterik itxi errenteriarrak.
Lizeagak epe laburrean boleibol taldeko jokalariek izango dituzten hitzordu garrantzitsuenen berri ere eman du. Hala, hilaren 14an Beraungo pilotalekuan Lagunarteko Hirugarren Boleibol Txapelketa jokatuko dutela azaldu du. 2025eko urtarrilaren 4an, berriz, Haur Mailako Gipuzkoako Txapelketaren sailkapen partidak jokatuko dituzte Beraungo pilotalekuan ere, egun osoz. Momentuz jakinarazi duten azken hitzordua datorren urteko urtarrilaren 5ekoa da. Harora (Errioxa, Espainia) joango dira, Iberdrola Ligan parte hartzeko.
Iazko ekainean hasi zuen bidea Oarso Boleibol taldeak, eta udalerrian kirol hori sustatzeko sortutako lehena da. Gaur-gaurkoz 100 bat jokalari ari dira, guzti-guztiak emakumeak.