Eguberriko kontzertuak, hilaren 15ean
Bi Eguberriko kontzertu antolatu dituzte hilaren 15erako. Lehena, Karnaba Otxotea eta Donostiako Orkestra Barrokoarena; bigarrena, Andra Mari Abesbatzaren 'Noela, Eguberri anuntzio'.
Hilaren 15a Eguberriko musikaz gozatzeko eguna izango da Errenterian. Gabon giroari Karnaba Otxotea eta Donostiako Orkestra Barrokoak emango diote irekiera, 12:00etan Magdalena basilikan egingo duten kontzertuarekin.
Jarof, Guerrero, Muller eta Guridiren obrak interpretatuko ditu Karnaba Otxoteak. Ondoren, Donostiako Orkestra Barrokoak Pergolesi eta Vivaldiren obrak joko ditu, Francisco Herreo biolin jole eta Maider Zapirain biolontxelo joleak lagundurik. Bukatzeko, Jenkins, Fauré eta Araguesen obrak interpretatuko dituzte, Sergio Zapirainen zuzendaritzapean.
Andra Mari Abesbatzak ere egun berean jarri du hitzordua Gabonetako musika eta kulturzaleentzat, Noela, Eguberri anuntzio Gabonetako kontzertu tradizionala emango baitute. Camille Saint-Saens konpositorearen Eguberriko oratorioa ezagutzeko aukera izango da entzuleentzat, “Eguberriko oratorio guztien artean goxoenetako bat”, abesbatzaren hitzetan.
Andra Mari Abesbatza eta Orkestrarekin beste hainbat bakarlari ere arituko dira. Haizea Lorenzo soprano gisa arituko da. 11 urterekin hasi zen Leioa Kantika Korala abesbatzan abesten, eta geroztik hainbat abesbatzetan aritu izan da gaur arte. 2021ean Tolosako lehiaketan lehen saria irabazi zuen Euskal Herriko Gazte Abesbatzan, baita 2022ko kantu modalitateko Euskadiko interprete gazteen lehiaketan ere.
Saioa Goñi ere soprano moduan arituko da emanaldian. 14 urterekin hasi zituen kantu ikasketa profesionalak Pablo Sarasate Kontserbatorioan, eta musika ikasketan egiten jarraitzen du gaur egun. Iruñeko gazte orkestrarekin Pergolesiren Stabat Mater, Buxtehuderen Membra Jesu Nostri, Vivaldiren Magnificat eta Gloria edo Camille Seant-Saënsen Printzesa horia lanetako protagonista izandakoa da.
Altua egiten arituko da Maria Izaga, ibilbidea Papargorri abesbatzan hasi zuen aramaioarra. Hainbat lan interpretatu ditu, tartean Guridiren Baserria-n Inosensia, Moreno-Torrobaren Luisa Fernanda-ko Rosita, edo Giacomo Pucciniren Madama Butterflyko-ko Zia. Ahots-teknika irakasle izan da Euskal herriko Gazte Abesbatzan eta Gipuzkoako Gazte Abesbatzen Topaketan.
Tenor moduan arituko da Aitor Garitano, kantu ikasketetan masterreko ikaslea. Orffen Carmina Burana edo Haydnen Nelsson Mass bezalakoen kontzertuak egin ondotik, operan debutatu du Mozart, Rimsky-Korsakov, Purcelle edota Leoncavalloren lanekin antzoki handietan.
Azkenik, Jon Imanol Etxabe baritono moduan arituko da. Madrilgo Auditorio Nazionalean, Iruñeko Gayarre Antzokian, Kursaal Auditorioan edo Donostiako Victoria Eugenia Antzokian bakarlari gisa aritutakoa da. Hernaniko eta Irungo musika-bandekin elkarlana ere egin izan du. Mozarten Txirula Magiko-ko Papageno, Purcellen Dido & Aeneas-eko Aeneas edo Casaliren Lazarillo de Tormes-eko Moaueda apaiza interpretatu izan ditu, besteak beste.
Obra entzun nahi duenarentzat hilaren 15ean 18:30ean jarri dute hitzordua Errenteriako Fatima parrokian. Sarrera doakoa izango da.
