Bizitza aktibo eta osasuntsuaren bidean urratsak egiten
Lezoko Udalak MuittuJakin egitasmoa aurkeztu du gaur. Bere lehen asmoa da bizitza aktibo eta osasuntsuari buruzko oinarrizko ezagutzak herritarrei helaraztea, ohitura horiek beren egunerokoan txertatzeko.
Lezoko Udalak sedentarismoa ekidin eta bizitza aktibo eta osasuntsua sustatzea xede duen MuittuLezo estrategia abiatu zuen 2016an. Egitasmo horren baitan sare lanean oinarritutako eta ikuspegi komunitarioko batzorde eragile bat osatu zen, Osasun saileko, Osakidetzako, Lezoko Udaleko, hezkuntza komunitateko eta herriko eragileetako ordezkariekin. Batzorde horrek bizitza aktiboari ekiteko bideari heldu zion, eta proiektu berriak proposatu zituzten esparru horretan urratsak egiten jarraitzeko.
2022ko abenduko batzorde eragilearen bilkuran, herritar guztiei bizitza aktibo eta osasuntsua norberaren eskutik kudeatzeko gutxieneko tresnak edo baliabideak ematea helburu zuen proposamen bat aztertu zen. Proposamen hori MuittuJakin egitasmoa da, eta gaur aurkeztu dituzte iniziatiba horren ildo nagusiak Mireia Kuesta Kirol zinegotziak eta Arkaitz Angiozar Kirol teknikariak. MuittuJakin, gainera, 2023-2027 Legegintzaldi Planean jasotako konpromiso bat dela berretsi du Kuestak, ongizate emozionala helburu duen lan esparruaren barrukoa.
MuittuJakin egitasmoaren baitan, hainbat gai jorratuko dituztela aurreratu du Angiozarrek. Horietan lehena jarduera fisikoaren eraginarena da, eta bere helburua da bizitza aktibo eta osasuntsuari buruzko oinarrizko ezagutzak herritarrei helaraztea eta herritar guztien oinarrizko ezagutzan txertatzea. Premisa horren bitartez, herritar aktibo, autonomo eta ahaldunez osatutako komunitatea eraiki nahi dute Lezon. Herritarrak kirolaren munduan murgiltzeko, Eman pausoa, BIZI leloa sortu dute.
Bizitza aktiboa bultzatzeko eta bizitza osasuntsua bermatzeko, sustatzaileen xedea da herritarrei oinarrizko pauta batzuk ematea horiek beren egunerokoan aplikatzeko. Lanketa sei urtetik gorako herritarrei begirakoa dela adierazi du Kirol teknikariak, eta adin tarte bakoitzarentzat entrenamendu eta eginbehar ezberdinak proposatu dituzte, hainbat gomendiorekin. Adin tarteak honakoak dira: haur eta gazteak (5-17 urte), helduak (18-64 urte) eta adinekoak (65 urtetik aurrera).
Jorratuko duten lehen ildoa jarduera fiskoaren eraginarena bada ere, beste hainbat identifikatu dituzte horien inguruan ere lanketa egiteko: elikadura osasungarria, sedentarismoa-aktibotasuna edota loaren higienea.
Ideia nagusiak
Gaur aurkeztu duten egitasmoaren bitartez, herritarrei lau ideia nagusi helarazi nahi dizkietela jakinarazi du Angiozarrek. Hauexek dira ildoak:
- Jarduera fisikoak zazpi urtera arte luzatzen du bizi itxaropena.
- Pertsona aktiboek gaixotasun gutxiago dituzte.
- Zoriontasun pertzepzioa handiagoa da.
- Mugitu behar zara, baina ez edonola. Gutxieneko praktika beharrezkoa da.
Lau ideia horiek oinarri zientifikoa dutela eta ikerketetan oinarrituta daudela nabarmendu du Kirol teknikariak. Horrez gain, ideia horiek barnebiltzen dituen esaldi bat sortu dute: Izan aktiboa: NAHIKOA mugituz, HOBETO eta ZORIONTSUAGO biziko zara.
Ondutako proposamen berritzailea zabaltzeko, udalak hainbat bide baliatu ditu. Alde batetik, hainbat bideo sortu ditu gaiaren lehen pertzepzio bat izateko. Ikus-entzunezko pieza horiek adin tarte ezberdineko herritarrei galdetuta sortu dituzte. Bideo horiek udal webgunean eta sare sozialetan ikusgai daude. Horrez gain, infografia bat ere sortu dute, eta bere helburua da egitasmoaren ildo nagusiak era argi batean islatzea.
