Eresbilek 50.urteurreneko liburua aurkeztu du
Eresbil Fundazioak 50.urteurrenagatik 'Eresbil: 50 urte musika ondarearen zerbitzura' aurkeztu du gaur, hilaren 12an. Eresbileko zuzendariarekin batera Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Errenteriako Udaleko eta Andra Mari Abesbatzako ordezkariek parte hartu dute.
Eresbil Fundazioak 50 urte bete ditu aurten, eta urteurrenaren kari bost hamarkadako ibilbidea jasotzen duen liburua argitaratu dute, Eresbil: 50 urte musika ondarearen zerbitzura izenekoa. Pello Leiñena Eresbil Fundazioko zuzendariarekin batera, Tabakalerako aurkezpen ekitaldian izan dira Urkiri Salaberria, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria; Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Aldundiaren Kultura zuzendari nagusia; Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea; eta Arantxa Arzamendi, Andra Mari Abesbatzeko zuzendaria.
Bi atal nagusi ditu 259 orrialdeko liburuak. Lehen atalak fundazioaren bilakaera biltzen du: sorreratik hasi eta hurrengo hamarkadetan izandako ibilbidea, gaur egun arte. Bigarren atalean, ordea, Eresbilek lantzen dituen dokumentu motak eta hauen tratamendua azaltzen dute.
Eresbileko langileek eraman dute aurrera lan hau, dokumentu-tratamenduaren unitateko arduradun bakoitzak kapitulu bat idatzi baitu: Pello Leiñena, Jon Bagues, Jose Manuel Tife, Mark Barnes, Jaione Landaberea, Beatriz Balerdi eta Jon Ander Eizagirrek hartu dute parte idazketan. Liburuaren hitzaurrea apirilera arte Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua zenak, Bingen Zupiriak, idatzi du. Musikan adituak edo musika ikasketak egiten ari direnentzako liburu interesgarria baldin bada ere, publiko zabalarentzat aproposa dela iruditu zaio Arzamendiri.
Salaberriak, Eusko Jaurlaritzak fundazioari “balore publikoa eransten” diola adierazi du, eta hiru J-rekin definitu du lan hau : “Jasangarria, Jatorra eta herri jakinduraz Jantzia”. Ondare immateriala “arbasoen lanari aitortza” dela deritzo, eta artxibo hauek funtsezkotzat ditu.
Eresbilen sorreran jarri dute begirada, fundazioak Andra Mari Abesbatzaren lokalean hasi baitzuen bere ibilbidea. Gaur egun egoitza Niessen Kulturgune eta Herri Arte Eskolaren ondoan baldin badute ere, Fatima Elizaren beheko aldean igaro dituzte hainbat urte. Otaegi, Errenteriako alkatea, esker onez agertu da Eresbil Errenterian abiatzeko apustua egin zutenekin, “hiriburuaren periferian”, hain zuzen ere. Eresbili esker Errenteria “musikaren hiriburu” bilakatu da hamarkada hauetan, besteak beste, Musikaste jaialdiaren bidez.
Liburuaren aurkezpena Eresbilen sorreran eta orain arte garapenean parte hartu duten pertsona guztiei aitortza eta esker ona adierazteko baliatu du fundazioak. Telleriak “artxiboa sortzeko beharra ikusi zutenen bisioa balioan jarri” du, eta Arzamendik Jose Luis Ansorena oroitzeko baliatu du, Eresbil Fundazioa sortzen parte hartu zuen Andra Mari Abesbatzako kidea.
Orain arteko ibilbideaz gain, etorkizun oparoa izango dutela espero dute. Hainbat erronka ditu fundazioak, tartean, digitalizazio edo adimen artifizialak dakartzanak. Hala ere, teknologia berriei esker “hemengo altxorra kanpora” zabaldu ahal izateagatik pozten da Telleria.
