«Ikusarazi nahi dugu Laurak Bat bizirik dagoela»
2024a bukatzear dagoen honetan, urtearen balorazio baikorra egin du Mari Carmen Mogilnicki Laurak Bateko presidenteak. Ondu dituzten iniziatiba berriak aurkeztu ditu eta etorkizuneko erronken inguruan mintzatu da.
Urtea ona izan dela baietsi du Mari Carmen Mogilnicki Laurak Bateko presidenteak. Urtean zehar hainbat jarduera antolatu dituzte, ikusarazteko Pasaiako tokiko merkataritza bizirik dagoela. Orain, egitasmo berrietan murgildu dira, eta etorkizuneko hainbat erronka ere identifikatu dituzte. 2025a ilusio handiarekin datorrela onartu du.
2024a bukatzear da. Urtearen zein balorazio egiten du Laurak Batek?
Urtea ona izan da. Merkatariak pozik daude. Beldurra genuen herrian ditugun obrek gure jarduna geldiaraztea, baina urtea ez da txarra izan. Gainera, berritasunak dauzkagu urtea bukatzeko. Bat oso ikusgarria da, pantaila batzuk jarri baititugu Trintxerpen eta Antxon. Merkataritza ikusgarri egingo dugu pantaila horiei esker, herriak ikus dezan merkataritza bizirik dagoela eta asko duela esateko. Horrez gain, pantaila horietan herritarrek udal informazioa ere jasoko dute. Ikusgarritasun moderno eta berritzaile bat eskaini nahi dugu pantailen bidez. Bestalde, inbertsio bat egin dugu Gabonetako argietan. Jendea kexatu ohi da, arrazoi osoz, herria ez dagoela ondo argiztatua. Apaingarri horiekin kolorea eman nahi diogu herriari.
Zein dira aurten antolatu dituzuen jarduerak?
Gure ohiko bonu, opari edota sariekin jarraitu dugu aurten. Urtean zehar ere hainbat iniziatiba ondu ditugu bezero fidel horiek saritzeko, eta oso pozik gaude. Ikusarazi nahi dugu Laurak Bat bizirik dagoela. Gabonetara begira, gainera, saski bana dugu komertzio bakoitzeko. Ez da saski bakar bat zozkatzen bezero guztien artean, Laurak Bateko bazkide den komertzio bakoitzak bere saskia du bere bezeroen artean zozkatzeko.
Horrez gain, formazio saio asko egin ditugu. Horien artean, hainbat gauza egin ditugu merkatariek jakin dezaten nola egin eta sortu bideoak. Hilabetero jarduerak izan ditugu merkatariak formatzeko eta atzean ez geratzeko. Gainontzekoak gure bezeroei begirakoak izan dira. Jendeak eskertzen du eta gustatzen zaio egiten duguna.
Euskararen erabilera ere sustatzen ari zarete.
Zortea dugu merkataritza gune guztietan behintzat euskara dakien norbait dagoela, eta euskaraz ez dakiten horiek lehen agur hori euskaraz egin dezaten nahi dugu. Udaleko Euskara sailarekin elkarlanean gaude, eta jarduera askotan izan gara haiekin. Merkatariok mundu euskaldunean mugitu behar garela uste dugu.
Etorkizuneko zein erronkei egin behar die aurre Laurak Batek?
Arazo handi bat dugu, orokorra dena: errelebo faltarena. Datorren urterako, udalarekin, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, lan poltsa bat sortu nahi dugu negozio bat abiatu nahi duten pertsonei edota lana bilatzen ari diren horiei begirakoa. Enpresa txikiak gara, urte asko daramatzagu hemen, gure bezeroak ditugu, eta erretiroa hartzeko unea iritsiko zaigu. Pena da lokal itxiak egotea, itxita dagoen lokal batek argia kentzen baitio herriari. Lan aukera bat eman nahi diogu lana bilatzen ari den orori, gure laguntza osoarekin.
Beste erronka nagusietako bat da komertzioak Laurak Baten bazkide egitea. Asoziazionismoan sinisten dut, eta denok batera indartsuago izango gara. Merkatariok asko ematen dugu eta asko dugu emateko, baina asko eskatzeko ere badugu, eta zenbat eta gehiago izan, gero eta gehiago lortuko dugu. Laurak Baten ez dagoen jende horrengana iritsi behar dugu, eta jakin nahi dugu zergatik ez dauden gurekin. San Pedron eta Donibanen, gainera, presentzia falta du Laurak Batek.
Gazteak erakartzearen eta digitalizazioaren aferak ere mahaiaren gainean daude, ezta?
Digitalizazioa guretzat oso garrantzitsua da. Jende gazteak beste era batera erosten du, eta haiei begirako kanpainak bideratu behar ditugu. Telefonoz eta Internetez eskatzea oso erraza da, baina iristen zaizun hori beharbada ez zaizu gustatzen, zaila da itzultzeko eta ez duzu merkatarien aholkurik. Uste dut jendeak beste era batera erosi nahi duela, eta merkataritza tradizionalak jende guztia behar du, gazteek gehienbat. Gure app-aren sorrerarekin hasi gara jada digitalizazioan murgiltzen, eta datorren urterako gazteak erakartzeko gauzen bila gabiltza.
Zerk bereizten du tokiko merkataritza? Zergatik kontsumitu bertan?
Mila arrazoirengatik. Lehenik eta behin herriarengatik. Gu herriko merkataritza jarduera garrantzitsuena gara. Ez dugu ez industria ez enpresarik, gu gara enpresak. Egiten dugun ekarpen ekonomikoari esker, herria haz dadin laguntzen dugu. Uste dut hori kontuan hartzekoa dela. Bigarrenik, hemen denok ezagutzen gara, eta gugan sinisten dute. 30 urte baino gehiago lanean daramatzagun jendea gara, eta ez dugu hutsik egiten. Herriari ere bizitza ematen diogu, lagunak gara. Aurreko astean beste egitasmo batean ere murgildu ginen, udalarekin elkarlanean. Iniziatiba, batez ere, herriko umeei begirakoa da. Asmoa da beharra duen oro komertzioetara sartzea telefono dei bat egin ahal izateko, eta establezimenduetako ateak irekita egongo dira beharra duenarentzako. Pegatina berdeak ditugu ateetan kanpainara atxiki diren komertzioak identifikatzeko.
Nola dator 2025a?
Ilusio handiarekin dator. Pantailen erabilerarekin datorren urtean hasiko gara. Gazteei begirako erronka guztiak ere mahaiaren gainean dauzkagu. Erreleboaren afera hor dago, eta gure ohiko zozketekin ere jarraituko dugu. Formazio saioetan murgilduta jarraituko dugu, merkatariak ezin baitira iraganean ainguratuta gelditu, teknologia berrien inguruko jakintza izan behar dute.