Bertsotan zoragarri arituz eman dio amaiera Alaia Martinek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari
Alaia Martin Etxebeste izan da 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazlea. Beñat Gaztelumendi Arandia izan da bigarren sailkatua, eta hirugarrena, berriz, Oihana Iguaran Barandiaran.
Milaka. Hainbat aldiz mila. 6.700 lagun inguru elkartu dira Donostiako Illunben, Zezen Plazan. Bertsogintzak bultzatuta Gipuzkoako zenbait herritatik mugitu dira herritarrak. Udaberrian hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta 35 saiok osatu dute lehia. Finala izan da gaurkoa, 36. saioa, hain zuzen. 88 bertsolarik hartu dute parte; tartean, Alaia Martin Etxebeste oiartzuarrak. Laugarren finala zuen gaurkoa, eta beste zazpi lagunekin partekatu du oholtza Gipuzkoako hiriburuan. Txapela, Martinentzat.
HITZAk egindako elkarrizketan bertsotan zoragarri eginez ospatu nahi zuela aitortu zuen. Ez da, inola ere, zalantzan jarri hark aitortutakoa. Are, bera izan da 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazlea 1.099,5 punturekin. Beñat Gaztelumendi izan da bigarren sailkatua, 1.054,5 punturekin eta Oihana Iguaran Barandiaran hirugarren 637 punturekin.
Indartsu hasi du oiartzuarrak saioa, aldarrikapenez beteriko bertso batekin agurtu baititu ikus entzuleak.
Zortzikoteak sarrerako agurra egin, eta binaka abesteari ekin diote. Martin, Eneritz Artetxe Eizagirrerekin aritu da. Itzuli horretarako bikote rola hartu dute bi emakumeek oholtzan. Alaiak, ahal zuen moduan behintzat, etxerako erosi beharrekoak BEZik gabe erosten dituela irudikatu behar zuen. “Nire patrika ez dago koherente izateko” eta “Ez dut izan nahi mundu osoan dagoen tuntun bakarra” bezalakoak abestu ditu.
Zortziko txikian abestu behar izan dute hurrengo ariketan, eta oraingoan Beñat Gaztelumendi Arandia izan du bidelagun. Ariketa honetarako antzerki talde ezberdinetako kide zirela irudikatu behar zuten, baita lokal berean entseatzen zutela ere. Alaiak entseatzen du bere taldearekin lehenbizi, eta Beñatek atzetik. Beñatek hankaz gora topatzen du lokala Alaia bere aurretik igarotzen den bakoitzean. Oraingoan, “Sormena librea da; zer egingo zaio?” Eta “Hollywooden txar-txarra da etika kodea; hobe jartzen Badiogu alfonbra morea” izan dira irabazleak bota dituen bertsoetako batzuk.
Puntu-erantzunean aritu dira gero bertsolariak. Itzuli honetan hirugarren abestu du oiartzuarrak, eta ‘Etxekolanak’ izan ditu hizpide.
Binaka abesteari heldu diote gero, hamarreko txikian. Martinek, oraingoan, Ane Labaka Mayoz izan du oholtza kide. Hiruna bertso bota ditu bakoitzak.
Ganbarakoaren txanda igarota, epaimahaiak erabaki du buruz burukoan nor izango diren protagonista: Alaia Martin Etxebeste eta Beñat Gaztelumendi Arandia. Zortziko handian launa bertso bota dituzte lehenbizi; puntutan aritu dira gero, era librean eta zortziko txikian. Barre ugari eragin dute ikusleengan elkarrizketarekin.
Finaleko Ganbarakoan hiruna Bertso abestu dituzte, Gaztelumendik lehenbizi eta Martinek Ondoren.
Hona, beraz, buruz burukoaren irudia:
Honatx 2024ko Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketako irabazlearen agurra.