Giza eskubideen jaialdiaren sari banaketa, atzo
Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren 3. Jaialdiko sariak banatu zituzten atzo. 'Zona Wao', 'Indarkeriaren Oi(h)artzunak', eta '16060 egun' filmak saritu zituzten.
Atzo, hilaren 15ean, banatu zituzten Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren hirugarren edizioko sariak Niessen Zinemak aretoan.
Nagore Ezeiza izan zen jaialdiko irabazle nagusia, bere Zona Wao (Wao eremua) lanak publikoaren film labur hoberen eta Juanmi Gutierrez Laborategiko sari nagusia irabazi baitzituen. “Zona Waok problematika bati buruzko askotarako ikuspegiak eskaintzen ditu, mezua aberastuz eta egoera horretan emakumeei ezartzen zaien zigor bikoitza nabarmenduz”, epaimahairen iritziz. Ezeiza ezin izan zenez sari banaketan izan, Gemma Hierro MedicusMundi Gipuzkoako ordezkariak jaso zuen saria, eta petrolio-erauzketek erauzketa-eremuetako indigenengan duten ondorioa nabarmentzeko baliatu zuen.
Publikoaren lehen saria Amaia Merino eta Ander Iriarte zuzendarien Indarkeriaren Oi(h)artzunak filmak jaso zuen. Iriarte joan zen saria jasotzera, eta “edozein indarkeria motaren biktimei sinisteko eta testigantza guztiak entzuteko beharra” adierazi zuen.
Epaimahairen Aipamen Berezia Iñaki Alforja eta Iban Toledok jaso dute aurten, 16060 egun lanarekin. “Bilaketa prozesuen bakardadea azpimarratzen du” filmak, eta “borroka pertsonal eta bakartitik abiatuta eta kontziliazioaren alde lan eginez ” memoria historikoa babesteko “lasaitasuna” eta “beharra” erakusten du. Toledo zuzendariarekin batera, Eneko Etxeberria filmeko protagonistak jaso zuen saria.
Aurtengo edizioan, Carmen Tortosa, iazko irabazlea; Juan G. Andres, kazetaria eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko hautapen-taldeko kidea; Elixabete Imaz, antropologo, ikertzaile eta EHUko irakaslea; eta Octavio Romano, Alboan GGKEko ekoizpen arduradunak osatu dute epaimahaia.
Sari banaketaren ondotik, Alvaro Hernandez Blancoren Los Cayucos de Kayar (Kayarreko Kaiukoak) proiektatu zuten, Zinemaldiko lehen edizioko irabazle eta Zinemaldiaren aholkularitzaren bidez egindako film laburra. Immigrazioak eragiten dituen “tentsio eta dilema moralak islatzen ditu, eta, aldi berean, etorkizuna bilatzen dutenen erresilientzia eta sakrifizioak ohoratzen ditu”.
