Zapirain Anaiak eta Ibon Zabala sariak banatu dituzte
Errenteriako Udala eta Xenpelar bertso eskolaren iniziatibaz, 36. Zapirain Anaiak eta 26. Ibon Zabala sariak banatu zituzten larunbatean.
Lanak aurkezteko azaroaren 22 arteko epea ireki ostean, larunbatean, hilaren 14an, banatu zituzten 36. Zapirain Anaiak eta 26. Ibon Zabala sariak. Errenteriako Udala eta Xenpelar bertso eskolak antolatuta, helduei zuzendutako sariketa da Zapirain Anaiak; Ibon Zabala sariketak, ordea, bi adin tarte bereizten ditu: 13 urtetik beherako haurrak eta 14 eta 17 urte arteko nerabeak. Bi lehiaketetan hiru bertso-sorta aurkeztu daitezke gehienez, eta gai eta neurria librea da.
Zapirain Anaiak sariketa Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenak irabazi du, 875 euro eta oroigarri bat jasoz. Bigarren postua Oier Etxeberria Zubimendirentzat izan da, 500 euroko sariarekin.
Ibon Zabala sariketan, nerabeen lehen saria irabaztearekin batera 250 euro eta oroigarria jaso ditu Jare Antzizar Salvadorrek. Bigarren saria, 150 euroko baliokoa, Ilargi Arotzena Muxikak jaso du.
13 urtetik beherako haurren sariketa Inge Mitxelena Garaterentzat izan da, eta 50 euro eta oroigarria jaso ditu. Bigarren postuagatik 50 euroko saria jaso du Ur Iruretagoiena Etxabek.
