Eguzki talde ekologistak zenbait mehatxu pribatu salatu ditu
Aiako Harriko parke naturalaren gainean egin ditu salaketak. Endarako Erreserba Eremuan eta Oberango basoan zenbatu dituzte mehatxuak.
“Aspaldi honetan salatzen ari da zenbait sektore pribatuek kalteak eragin dituztela Aiako Harria parke naturaleko baso publikoetan. Gai honen inguruan eztabaidatu izan da Parke Naturalaren Patronatuaren hainbat bilkuratan, bai Donostiako eta Irungo Udalaren aldetik, bai mugimendu ekologistaren aldetik”, dio Eguzki talde ekologistaren oharrak.
Bi mehatxu azpimarratu dituzte eremu horietan; Irunen, lehena. Diotenez, Endarako Erreserba eremuan ahuntzak legez kanpo daude. Bigarrena berriz, Urdaburun. Kasu honetan zehaztu dute florako espezie exotiko inbaditzaileak ugaritzen ari direla lur pribatuetatik, eta kontrolik gabeko ganadua (ardiak) daudela gehitu dute.
Horrek guztiak Irun eta Donostiako Udalen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekintza publiko sendo eta azkarra eskatzen duela esanaz jarraitu dute, “parkeko baso naturalei eragindako kalteek gora egin ez dezaten”.
“Gogoratu behar da Donostiako Udalak, bere basoak babesteko asmoz, baso jarduerak egin zituela 2021 eta 2022an, Oberango 19 hektareatan espezie exotikoen ordez espezie autoktonoak landatzeko. Guztira 18.000 zuhaitz ea zuhaixka landatu ziren. Basoak funtsezkoak dira klima aldaketa arintzeko, eta jarduera horiek ‘Urban Klima 2050 LIFE’ proiektu europar integratuaren esparruan egin ziren. Proiektu hori EAEko klima ekintzako proiekturik handiena da, eta Europako Batzordearen eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuekin batera finantzatzen da”.
Salatutako kalte horiek biodibertsitatea kontserbatzeko helburu politikoak hipotekatzen dituztela gehitu du Eguzkik, baita horrek “milaka euro publiko galarazi dizkiela ere Irungo eta Donostiako Udalei, Lakuari eta Bruselari”. Alabaina, zehaztu du talde ekologistak partikular horiek diru laguntza publikoak jasotzen dituztela bere lurren eta abereen kudeaketa pribaturako.
Hortaz, “Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak Irun eta Donostiako Udalei eskatzen die egindako kalteen ondare erreklamazioa egiteko partikular horiei, eta honen berri Europako Batzordeari emateko, ekosistemak kalteen aurreko egoerara itzultzera ere behartuz”.