Gabierrotako pasealeku berritua, zabalik
Zazpi hilabeteko lanen ondotik, Gabierrotako pasealekua zabaldu dute. Hainbat hobekuntza ditu pasealeku berrituak.
Zazpi bat hilabeteko lanen ostean, berrikuntza ugarirekin ireki dute berriz Gabierrotako pasealeku berria.
Aldaketen artean, “lurzorua erabat berritu da, itsaspena hobetuz eta putzuak sortzea saihestuz”. Ikusmena eta segurtasuna hobetzeko asmoz, pasealeku erdiko parterreak ere kendu dituzte. Berdeguneak %36z areagotu dituzte, “eta drainatze sistema bat sortu da, ura biltzen eta lurrean infiltratzen laguntzen du”. Adinekoen egoitzaren aurrean sarbide berria jarri dute, Oiartzun ibaiarekin lotura sendotuz. “Baranda berria iragazkorra da, eta, beraz, ibaiarekiko hurbiltasun-sentsazioa ere hobetzen da”.
Hiru toki nabarmentzen dira pasealekuan: “erdialdea, egoitzaren aurreko aldea eta zubiaren ondoko aldea”; eta “mahai eta eserlekuak” gehituko dizkiete, “bi iturri berrirekin” batera. Argiteria-sarea ere berritu dute, eta energia aurrezteko “eraginkorragoak diren luminariak jarri” dituzte. Argiak “zuhaitzetara egokitu” dituzte “segurtasuna hobetuz eta argi-kutsadura murriztuz”.
Errenteriako Udalak auzoarekin batera burutu du proiektu hau, izan ere, Laguntasuna Auzo Elkarte eta Jesusen Bihotza egoitzako arduradunekin batera jorratu zuten oinezkoentzako pasealekua.
Hala ere, azken lan batzuk falta dira oraindik, hurrengo asteetan egingo dituztenak. “Ekipamenduak instalatzeko” lanen artean, “komun publikoak, haurrentzako jolasak eta makina bio-osasungarriak” jarriko dituzte, baita “lorezaintzako lan batzuk ere”.
Milioi bat euroko kostua izan dute lanek.