Portuko espazio publikoen mantentze lanetarako, 400.000 euroko laguntza
Aldundiak kopuru hori eman berri dio udalari, portuko lurretan dauden espazio publikoen mantentze lanetara bideratzeko.
Pasaiako portuko lurretan dauden espazio publikoen mantentze lanetarako 400.000 euroko diru laguntza jasoko du aurki Pasaiako Udalak. Izan ere, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamenduak kopuru hori emango dio udalari, mantentze lan horien kostuak ordaindu ditzan. Gaur egikaritu dute akordioa, Azahara Dominguez diputatuak eta Teo Alberro alkateak. Konponketak, garbiketa, lorezaintza eta beste hainbat zereginetarako bideratuko dute dirua.
Dominguezek azaldu duenez, hitzarmen hau Pasaiako hiri espazioak eta ekipamendu degradatuak birgaitzeko eta berreskuratzeko egiten ari diren “jarduera estrategikoen barruan” kokatzen dela, pasaitarren “ongizate sozial, kultural, ekonomiko eta urbanistikoan laguntzeko”, bere hitzetan.
Alberrok, bestalde, sinadura hau “erabakigarria” dela esan du: “Gure herritarren egunerokotasunaren funtsezko parte diren espazio publikoek guztiontzat eskuragarri eta gozagarri izaten jarraituko dutela bermatzeko erabakigarria da sinadura hau. Finantzaketa honi esker, konpromiso irmoa har dezakegu gune horiek ahalik eta baldintza onenetan mantentzen jarraitzeko. Hitzarmen hau funtsezkoa da portu herria integratzen eta gure bizilagunen bizi kalitatea hobetzen aurrera egiten jarraitzeko”.