Erasoak jasan dituzten emakumeei babes osoa adierazi die Oiartzungo Feministen Asanbladak
'denuncias_euskalherria' instagram kontuan Oiartzungo zenbait kasu salatu dituzte azken orduetan. Horren aurrean, babes oso adierazi die Feministen Asanbladak erasotuei.
Azken boladan oihartzun handia izan du denuncias_euskalherria instagram kontuak, indarkeria matxistaren testigantzak biltzen dituen txokoak, alegia. Azken orduetan Oiartzungo kasu baten berri eman dute bertan.
Duela aste batzuk izan zuen Oiartzungo Feministen Asanbladak herriko irakasle eta musika inguruan dabilen gizon batek izan dituen jarrera eta jokabideen berri. “Asanbladak esku artean du gaia eta azken egunetan @denuncias_euskalherria kontuan lau neskek edo emakumek argitara eman dute kasua”.
Ohar bat argitaratu du Feministen Asanbladak, eta bertan babes osoa adierazi die eraso horiek jasan dituzten neska eta emakume guztiei. “Gizonak bere botere posizioa erabili izan du adin txikikoekin urteetan praktika horiek gauzatzeko, ez zen zuen errua izan eta Oiartzungo Feministen Asanbladak sinesten zaituzte”, diote.
Instagram kontuak [@denuncias_euskalherria] argitaratu ditu herrian eta inguruko ikastetxeetan jazo diren hainbat sexu jazarpen egoera, eta “guk, hemendik, babesa eta saretzea helburu, gizon honen erasoak pairatu dituzten edota ikusi dituzten orori dei egiten diegu gurekin harremanetan jartzeko. Anonimotasunez landuko dugu gaia; biktimen erreparazioa eta saretzea ahalbidetu nahi ditugu, beti ere erasotuen nahiak eta beharrak errespetatuz”.
Asanbladarekin harremanetan jartzeko zenbait bide daude: @oiartzungofeministenasanblada (instagram eta facebook), helbide honetara idatzita edo zuzenean haiekin harremanetan jarrita.