Aztia: bakarrizketa batean oinarrituta sortu duten diskoa
Don Inorrez taldeak eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak 'Aztia' sortu dute, antzerki bakarrizketa musikatua eta kontzertu dramatizatua biltzen dituen lana, hain zuzen.

Don Inorrez taldeak eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak Aztia lana sortu dute, antzerki bakarrizketa musikatua eta kontzertu dramatizatua, hain zuzen. Aztiak zoriontasunaren inguruko mintegi bat antolatu du, eta saioan autolaguntzaz mintzatuko zaio publikoari. Des-deslilura izango da lanaren ardatza. Zehazki, “zoriontasuna hasiera besterik ez da” aldarrikatuko dute, hasiera oro zerbaiten amaiera izan daitekeen itxaropenarekin. Aztia bakarrizketak autolaguntzaren guru bati egiten dio erreferentzia: Patrika Zabalegi, munduko terapia ofizial eta ez ofizial guztietan aditua. Zabalegi bufoiaren arimatik gertu dagoen ironia darabil, bere buruaz barre egiten du, eta publikoari deserosoak zaizkion gaiak jartzen dizkio aurrez aurre. Bizi ditugun garaietan jendarteak gertukoak senti ditzakeen hamaika gai izango ditu hizpide: bakardadea besteen beharra, euskal kultura, erakundeen kultur politikoak, desilusioari buelta emateko beharra… Umorez eta maitasunez mintzatuko da: lotsagabe, baina ez axolagabe.
Lan horrekin bi emaitza lortu dituzte; lehena oraintsu argitaratu duten diskoa da, eta, bigarrena, berriz, kontzertua eta antzerkia uztartzen dituen pieza eszenikoa.
Taula gainean Ainhoa Alberdi, Karlos Aranzegi, Oier Guillan eta Imanol Ubeda ariko dira; zuzendaritza eszenikoaz eta iruditeriaz Idoia Beratarbide arduratu da.
Elkarlana izan da gakoa
Imanol Ubeda eta Karlos Aranzegik osatzen dute Don Inorrez musika taldea, eta 2023 urte amaieran proposatu zioten Oier Guillani disko berri baterako hitzak topatzea. Hortaz, letrak osatzeko, ez ohiko prozesu bat abiatu zuten. Guillanek Aztia bakarrizketa idatzi zuen lehenik, eta horretan oinarrituta sortu dute gero diskoa.
Bestalde, material hori eszenatokietara egokitzeko prozesurako Metrokoadroka kolektiboa izan dute bidelagun –otsailean edo martxoan estreinatuko dutela aurreratu dute–. Lan berria kontzertu dramatizatua izango da.