Harremanak sendotzeko, Oiartzun Irratia Ga-La

25 urte betetzeaz gain, saio, kolaboratzaile eta webgune berria ditu irratiak. Eraldatu egin nahi dute, eta une aproposa iruditu zaie ekitaldi bat egiteko. Hilaren 24an izango da, Landetxen.

Oiartzun Irratiak 25 urte bete dituela jakina da, herri mailako festa eta ospakizun batekin egin baitzieten putz kandelei. Baina, ez da hedabideak azkenaldian ospatzeko izan duen lorpen bakarra, urte berria indartsu hasi eta webgune berria estreinatu dutela jakinarazi baitute. Bada, gainera, hilaren 24an mugarri bat izango den ekitaldia prestatzen ari dira egunotan Itsaso Guemes eta Alain Mendizabal Oiartzun Irratiko esatariak.  

Landetxen Oiartzun Irratia Ga-La egingo dute, eta Mendizabalek azaldu du urduri ez badaude ere, ekitaldia egikaritzen ari direla. “Badakigu ildo nagusia zein izango den; egunerokoan egiten dugun irratsaio bat Landetxen erreproduzitzea izango da zeregina, baina egiteke dauden gauza horiengatik alertan gaude”.  Ordubete inguru iraungo duen saioa izango da erabilera anitzeko aretoan egingo dutena; “ezin dugu dena aurreratu, baina esan dezakegu bukaeran egongo dela sorpresa bat oso polita eta oso oiartzuarra”, dio Guemesek. 

Irratiaren soinu bandaren kide diren Irati Odriozola, Ane Badiola eta Joxe Leon Amigorena zuzeneko musika jotzen ariko dira oholtzan. Lehiaketa bat ere egongo dela gehitu dute esatariek. “Bertakoa erreproduzitu nahi dugu, baina modu dibertigarri batean”. 

Ahots berriak aurkeztuko dituzte

Irratiak 2024aren amaieran eta 2025aren hasieran saio berriak eta kolaboratzaile berriak estreinatu ditu, eta horiek ezagutzeko aukera izango dute saiora bertaratzen direnek. Elkarlan horietako baten adibide da irratiak Oarso Bidasoko Hitza-rekin duen lankidetzaren indartzea; ikus-entzunezkoei emango diete bultzada aro berri honetan. 

Liburuak hitz eta pitz da saio berrietako bat. LH 4, 5 eta 6. mailako ikasleen irakurketa taldeko kideek gidatzen dute, eta beste herri batzuetako ikasleekin kolaboratzen dute. Oiartzungo 1545 argitaletxea dago saioaren atzean.

Bestalde, Andriak plazara! da beste berritasunetako bat. Izaskun Madariaga, Josune Igoa eta Jaione Ugaldebere Wikiemakumeok proiektuko boluntarioek gidatzen dute tertulia, eta hilean saio bat egiten dute. Oiartzungo emakumeen biografien laburpena egiten dute hilabete bakoitzean, hil horretan jaio direnen inguruan mintzatuz. Urtarrilekoa egin ondoren otsailekoa izango da hurrengo saioa, hilabeteko lehenbiziko asteartean. 

Estreinakoz egingo dute erdiguneko aretoan irratsaio bat, eta Guemesek “ardura puntu bat” badutela azaldu badu ere, ilusioa da nagusi. “Betiko berdina izango da, baina zuzenekoak duen xarma horrekin”, jarraitu du Mendizabalek. 

Irratiari “buelta bat” ematen ari diren honetan, hedabidearen presentzia handitzea da batez ere ekitaldiarekin egin nahi dutena; baina, ospakizun baten kutsua ere izango du emanaldiak. Hortaz, hitz joko bat egin dute galaren leloarekin; Oiartzun Irrati Ga-La moduan izendatu dute, eta bi esanahi ditu: gala eta izatea. “Oiartzun Irratia garela eta herri mailako irrati askok ez dituztela 25 urte betetzen ospatuko dugu”, zehaztu du Guemesek. 

Mendizabalek, bestalde, azaldu du telekomunikazio arloko elkarte askok egiten dituztela ikasturtean zehar landuko dituzten gauzen aurkezpen ekitaldiak, eta hori ere bilatzen dute hilaren 24ko saioarekin. “2025a baliatu dugu egingo duguna koktel batean sartu eta jendeari kontatzeko”. 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.