Ibon Gaztañazpik eta Julio Villarrek hitzaldia emango dute ostiralean
Girizia Mendi Taldeak antolatu du kazetariarekin eta abenturazalearekin hitzordua. 19:00etan izango da saioa, udal pleno aretoan.

Ostiral honetan –hilak 24– Ibon Gaztañazpi kazetaria eta Julio Villar abenturazalearen hitzaldia izango da Oiartzungo udal pleno aretoan, 19:00etan. Girizia Mendi Taldeak antolatu du saioa.
Villarrek Alpeetan eta Pirinioetan eman zituen lehen urratsak mendi gidari moduan. 1974an, bestalde, Everest igotzea helburu zuen Tximist espedizioaren kide izan zen, eta horrek Nepal, India, Pakistan eta Afganistanen zehar bidai “bakarti eta noraezeko” bat burutzea ahalbidetu zion.
Gero, 1986an Viaje a pie liburua argitaratu zuen Villarrek, eta orrietan barna Karrika auzotik mediterranear kostara oinez egindako bidaia kontatzen du. Abenturazaleak Euskal Herriko, Aragoiko eta Kataluniako mendiak zeharkatu zituen.
Hala ere, 1968an, 25 urte zituela, Bartzelonatik abiatu zen 7 metro eslorako Mistral baleontzian. Munduari bira eman zion lau urte eta erdiko bidai batean, eta 38.000 milako ibilbidea egin zuen inoiz munduari bira eman dion ontzi arinenetako batekin. Bidai horretako kontakizun guztiak ¡Eh, Petrel! Cuaderno de un navegante solitario liburuan jaso zituen. Eta hor hasten da Gaztañazpiren esku hartzea, liburua eskuratu eta publikatu egin baitzuten.