Beste 25 urte betetzeko prest
Oiartzun Irratiaren Ga-La egin zuten ostiralean. Landetxeko areto nagusia irrati handi bilakatu zuten esatariek eta ohiko entzuleek, sorpresaz eta une ederrez betetako gala izan zen.
Joan den ostirala (hilak 24) egun berezia izan zen Oiartzun Irratiarentzat, baita haren bueltan ibiltzen diren herritarrentzat ere. Galaz jantzi zen Landetxe, 25. urteurrenaren harira antolatutako Ga-La berezirako. Landetxek irrati erraldoi baten itxura hartu zuen, eta entzuleak, entzulez gain, ikusle ere izan ziren egun batez. Areto nagusiko oholtzatik oraingo honetan, baina egunero bezalaxe, aritu ziren Itsaso Gueme eta Alain Mendizabal esatariak.
Urte berriko programazioa, saio berriak, kolaboratzaile berriak… Atzo irratitik pasa zirenak, gaur egun daudenak, eta etorriko direnak. Guztiek hitza hartu zuten. Sarietarako eta sorpresetarako tartea ere izan zen ostiralekoan.
HITZA bertan izan zen, eta Ga-Lak utzitako irudiekin bideo bat osatu du, laburpen modura:
