Barruan dutena oholtzara eramango dute
Ekhiñe Famoso Intxaurrandietak eta Saioa Gomez Tejeriak Udalbitzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren barruko beketako bat irabazi dute. Antzerki obra bat osotasunean sortuko dute.

Pozarren dira Ekhiñe Famoso Intxaurrandieta lezoarra eta Saioa Gomez Tejeria lasartearra. Pozik, eta gogoz. Izan ere, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren barruko beka jaso dute antzerkigintzari lotutako proiektu bat garatu ahal izateko. Euskal Herriko sormen eta kultur esparruari bultzada emateko egitasmoa da Geuretik Sortuak, eta jada hirugarrenez da martxan. Horren barruan, Oarsoaldeko beste hainbat sortzaileri ere eman dizkiete bekak: Zigor Garro eta Oier Guillan oreretarrei literaturaren alorrean, eta Metrokoadroka antzerki taldeari (Oiartzun) antzerkigintzan.
Bekaren oinarrien arabera, 2025ean zehar bekadun izan den euren antzerkigintzako proiektua garatu beharko dute Famosok eta Gomezek, tartean Udalbiltzaren barruko herri batean hiru asteko egonaldia egingo dutelarik. 2026an iritsiko da oholtzetara antzezlana, Euskal Herriko herrietara. «Oraindik ez du izenik proiektuak. Baina badakigu nondik nora joan nahi dugun. Antzezlana osotasunean sortu behar dugu, gidoitik hasi eta bestelako guztietaraino. Oso eskertuak gaude Udalbiltzak eman digun aukera honekin», azaldu dute, «sekulakoa izango da Euskal Herri osoan guk egindakoa zabaltzeko aukera izatea».
Obra eratze eta gorpuzte fasean bada ere, garbi dute «herriari ahotsa» eman nahi diotela sortuko duten lanarekin: «Euskal identitateez gogoeta egin nahi dugu, kulturartekotasunaren begiradatik. Zapalduak diren horiei guztiei ahotsa eman nahi diegu. Ustezko normaltasunaren ertzetatik at daudenei lekua eman nahi diegu». Hala, hegemoniatik at dauden pertsona arrazializatuei, emakumeei, LGTBIQ+ pertsonei, edo baztertuak izan diren, eta oraindik dauden horiei zentralitatea emango diete, «antzerki fisikoaren bidez. Gorputzak presentzia izango du, baita ahotsak ere. Herritarrenak denak».
Garbi dute nora jo, beraz. Orain, horri guztiari forma ematen hasiko dira. «Erronka handia da. Gaia bera hain da zabala! Saltsa ederrean sartu ginela pentsatu genuen… Baina gogoz gaude, indarrez aurrera egiteko». Ez daude bakarrik, ordea. Bekaren barruan hainbat baliabide eta lagun dituzte dena garatzeko. Bidelagunak izango dituzte.
Koherentzia
Pieza askoko egitasmoa da esku artean dutena. Baina denaren gainetik ildo bati eutsiko diote: koherentziarena. Hala, obrak izango dituen erpin guztiak osatzeko elkarlanaren bidea egingo dutela garbi dute. Baina koherentzia hori, batez ere, euren buruarekikoa izango da: «Landuko ditugun gaiek guretik asko dute. Gainera, nahiko genuke belaunaldi ezberdinek ere izatea presentzia antzezlanean, hori kulturartekotasunarekin uztartuz. Mila gaik ukitzen gaituzte, eta horiek obrara eramatea dugu asmo. Horregatik esaten dugu erronka handia dugula esku artean». Ondo kokatu nahi dituzte pieza horiek guztiak.
Gogotsu dira prozesuari ekiteko. «Emaitzaz aurrerago hitz egingo dugu», azaldu dute. Ate bat zabaldu zaie, eta euren antzerkigintza ibilbidean mugarri izan daitekeen proiektuarekin dabiltzala kontziente dira biak ala biak. Izan ere, bai Famosok zein Gomezek badute eskarmentua aktore bezala, baina orain, oholtzatik kanpo dauden zereginak ere definitu eta landu beharko dituzte, «betiere euskaraz sortuz, herritik, eta herriarentzat. Eragin, saretu eta jendearengana iritsi nahi dugu»