Belaunaldi arteko gune aberasgarria
Lezoko Udaleko Berdintasun sailaren ekimenez, emakumeentzako ahalduntze tailerra egin da herrian 2024ko urriaren 4an hasi eta urtarrileraino. Lau saiotan banatuta, herriko zortzi emakumek osatu dute taldea.

Lezoko Udaleko Berdintasun sailaren ekimenez, emakumeentzako ahalduntze tailerra egin da herrian 2024ko urriaren 4an hasi eta urtarrileraino. Lau saiotan banatuta, herriko zortzi emakumek osatu dute taldea, eta saio bakoitzeko gai bati eutsi diote: ahalduntze fisikoa, ahalduntze emozionala, ahalduntze kognitiboa eta afektibitatea. Xenai psikoterapiak gidatu ditu lau saio horiek.
Udala pozik da tailerrak eman duen emaitzarekin. «Herriko emakumeen artean espazio komun bat ahalbidetu du tailerrak», esan du, «helburu komun batekin elkartu, eta elkarrengandik ikasi dute partaideek». Gertutasuna eta konfiantza izan dira tailerreko topaguneetan nagusi, eta gainera, hainbat belaunalditako emakumeak elkartu direla azaldu du Berdintasun sailak, «espazio aberasgarria bihurtu da».
Emakumeei zuzendutako doako tailerra izan da. Hala, bukatu berri den esperientziaren balorazio baikorra eginda, horrelako gehiago egiteko ateak zabaldu dira.