PSE-EE: "Etxebizitzaren funtzio soziala defendatzen dugu"
Errenteria etxebizitzaren arloan tentsionatutako eremu izendatu du estatuak. Euskal Sozialistak Udal Taldeak (PSE-EE) etxebizitzaren krisiari aurre egiteko neurri zehatzak hartu behar direla nabarmendu du.

Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) Errenteria etxebizitzaren arloan tentsionatutako eremu izendatu dute. Euskal Sozialistak Udal Taldeko (PSE-EE) bozeramaileak, Isaac Palenciak, albistea positibotzat jo duen arren, adierazpen hori nahikoa ez dela eta etxebizitzaren krisiari aurre egiteko neurri zehatzak hartu behar direla nabarmendu du. Zentzu horretan, EH Bilduk udalean izan duen jarduna gaitzetsi du.
2024ko otsailean Etxebizitza Plana garatu zuten. Plan horri jarraiki iritsi da eremu tensionatuaren izendapena: lehenengo udalak, gero Eusko Jaurlaritzak eta azkenik Espaniako Estatuak onartu ondoren. Izendapen honen bidez, udalerriek alokairuaren merkatua arautzeko eta etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko tresnak izango dituzte.
Palenciak adierazi duenez, sozialistek “ekarpen ugari” egin zituzten etxebizitza babestuen eskaintza handitu, etxebizitza hutsak murriztu, auzo guztietan birgaitzea sustatu eta gazteen emantzipazio-politikak sustatzeko lan-mahai bat sortzeko. Plana otsailean onartu bazen ere, lan-mahai hori abendura arte ez zutela deitu esan dute sozialistek, EH Bilduren atzerapena salatuz.
“Espekulazioaren mende dagoen ondasun hutsa dela uste dutenen aurrean, etxebizitzaren funtzio soziala” defendatzen dutela berretsi dute sozialistek, Errenteria-Oreretako herritar guztiek “etxebizitza baldintza duin eta eskuragarrietan izan dezaten”.