Tokiko kontsumoa, inoiz baino indartsuago
Bizi Errenteria bonuen 6.kanpainaren balorazio positiboa egin du udalak: aurtengoa izan da bonu gehien erabili den urtea.

Aizpea Otaegi alkateak herriko merkatuan egin duen adierazpenaren arabera, datu arrakastatsuak utzi ditu Bizi Errenteria bonuen 6.kanpainak, aurtengoa izan baita bonu gehien erabili den urtea.
Edizio honetan, etxebizitza bakoitzera 5 euroko launa bonu helarazi dituzte; eta gazteen kontsumo-ohituran eragiteko asmoz, beste launa 18-35 urte bitartekoentzat.
Banatutako 97.312 bonuetatik, 67.579 bonu erabili dira, hau da, %69a. Hortaz, guztira 675.790 euro inbertitu dira herriko kontsumoan; horren erdia (337.895 euro) udalak bideratu duelarik.
198 negozio atxikitu dira ekimenera. Horietako batzuk merkatura bertaratu da, haien balorazioa konpartitzera:
Alex Oier Olarra Gonzalezen Bixigarri Gastroteka jatetxeak 9 hilabete darama herrian, eta establezimendu berria izanik, “laguntza bikaina” izan dela aipatu du.
Maider Olaizola Kalima arropa dendaren jabea da, eta “jende berria erakartzen asko laguntzen” diela nabarmendu du.
Unai Elizegi, Elizegi harategikoak, berriz, bonuen kanpaina hasi zenetik “mugimendu gehiago” nabaritu dutela aipatu du, “herri bateko komertzioa herri bateko nortasuna dela” gaineratuz.
Udalak “ondo errotutako kanpaina” dela ondorioztatu du, udalaren helburuekin bat egiten duena: “tokiko ekonomia indartzea, herriko ehuna ezagutaraztea, etxeko ekonomiari laguntzea eta gazteen artean herrian kontsumitzeko ohitura sustatzea”. Arazo teknikoak medio, baina, atzerapenak izan dituzte establezimenduei ordainketak egiteko, eta horregatik barkamena eskatu die, hurrengo edizioetan horrelakorik gertatu ez dadin lanean ari direla azalduz.