'Butterfly effect' antzezlana emango dute larunbatean
Astrolabium Teatroak prestatu du hilaren 8an ikusteko aukera egongo den antzezlana. 18:00etan hasiko da emanaldia Landetxe Kultur Aretoan.

Oiartzungo Antzerkizale Elkarteak antolaturik, Butterfly effect izeneko antzezlana egingo dute hilaren 8an, larunbatean. Papillon eta Clemont ferianteak dira emankizuneko protagonistak, eta gizakiaren bilakaera kontatuko dute. Izan ere, herriz herri historiako mugarriak azaltzen dituen film bat proiektatzen dute, baina, kamera hautsi eta haien hitz eta elementuekin kontatu beharko dute. Gainera, “Aldi berean, gizakiak historian zehar irabazi dituen eskubideen inguruko hausnarketara salto egingo dute beti tximeleta efektuak izan duen garrantzia kontuan izanik.”
Astrolabium Teatroa da 60 minutuko antzezlana prestatu duen konpainia, eta Mikel Sarriegik zuzendu du. Asier Oruesagasti, Daniel Gomara eta Aintzane Crujeiras dira antzezleak, eta publiko guztientzako ikuskizuna da.
Larunbatean 18:00etan jarri dute hitzordua Oiartzungo Landetxe Kultur Aretoan, eta bost euroren truke eros daiteke sarrera internet bidez.