Herri Eskola aurreko basoa txukuntzeko, auzolana
Hilaren 15ean Herri Eskola pareko basoa txukuntzeko auzolana egingo dute, Hezikuntzaren eta Txerrimuñoren ekimenez.

Hilaren 15ean, 09:30ean hasita, Lezo Herri Eskola aurreko basoa txukuntzeko auzolana egingo dute. Elkarlanetik sortutako egitasmoa da herriguneko basoa egokitzearena, Hezikuntza Lezo Herri Eskolako ikasleen gurasoen elkartearen, eta Txerrimuñoko kideen artekoa. Lezoko Udalaren babesa du jarduerak. “Eremua txukundu eta eraberritzea da asmoa. Txoko polit eta atsegin bat sortu etxeko txikienek gozatu dezaten”, azaldu dute antolatzaileek. Nahi duen orok parte har dezake. Hamaiketakoa ere izango da.

Duela 30 urteko hazitegia, egungo Herri Eskolaren parean.
Baso horrek, baina, badu historia. “Duela 30 bat urte herriko gazte talde batek, langabeziak eta egonezinak bultzatuta, ingurumenarekiko kezka handiarekin eta ikasteko gogoz, herriko eremu berdeei lekua eta garrantzia emateko asmoz hazitegiak sortu zituen. Ondoren, bertan sortutako landare eta zuhaitzak herri osoan zehar landatu zituzten, Euskal Herria parke inguruan, Pisben, Ijurko auzoan, Aralar kalean, Altamiran…”, zehaztu dute Hezikuntzako ordezkariek. Hala, guztira hiru hazitegi sortu zituzten; Altamiran bat, Jaizkibelen beste bat, eta Lezo Herri Eskola aurreko basoan hirugarrena. Lizarrak, astigarrak, elorriak, haritzak, hurritzak, pagoak, intxaurrondoak, haltzak, gaztainondoak, makalak, gurbitzak, erramuak, arteak, artelatzak, urkiak, indigaztainak, intxusak, haginak, sahatsak, edo gorostiak izan ziren herrian zehar landatu zituztenak.
Gainera, garai hartan Herri Eskola Altamiran zegoen, eta bertako gurasoek hainbat tailer antolatu zituzten haurrekin egiteko. “Aukera paregabea ikusi zuten Txerrimuñoko gazte hauekin elkarlanean bertan ere hazitegi bat sortzeko. Eta horrela egin zuten”. Beraz, otsailaren 15eko elkarlan horren segida izango dela adierazi dute egitasmoaren bultzatzaileek.
Urte batzuk pasa ondoren eskola herrigunera eraman zuten, eta horrekin batera berdegune haietan urbanizazio proiektu bat jarri zen martxan, non eskola aurretik errepidea pasa eta berdeguneak desagertuko ziren. “Baina gure Txerrimuñoko lagunak ez ziren isilik gelditu, eta berdeguneen garrantzia azpimarratuz udalarekin negoziaketak eduki zituzten. Ondo borrokatu, baita lortu ere! Beraiei esker, eskola aurrean baso txiki horrez gain, oinezko bidea dugu”, azaldu dute Hezikuntzako kideek: “Eskerrak eman nahi dizkiegu egindako lan guztiagatik, herria zuhaitzez betetzeagatik eta oraingoan gurekin batera txoko zoragarri hau txukun uzten laguntzeagatik. Aupa zuek!”.