Kultur sektorearen bultzadarako pizgarri fiskalen berri emango dute
Hilaren 19an topaketa egingo dute Agustinak Zentroan. Aldundiko ordezkariek argibideak emango dizkiete kultur sektoreko eragileei.

Eskena Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkarteak eta Agustinak Zentroak elkarlanean kultur eragileei begirako informazio jardunaldia antolatu dute hilaren 19rako, Agustinak Zentroan bertan, 10:00etatik 12:30era. Arte eszenikoetan aritzen diren eragileei eta enpresei Gipuzkoan dauden pizgarri fiskal berrien gaineko informazioa emango dute topaketan. “Zuzeneko ikuskizunen ekoizpena sustatzeko diseinatutako arau esparru horrek %20ko errentagarritasun finantzario fiskala eskaintzen du”, azaldu dute antolatzaileek. Zerga karga handia duten eta tokiko kultur sorkuntza babestu nahi duten Gipuzkoako enpresei zuzenduta dago bereziki jarduera, eta, aldi berean, inbertsio estrategia dibertsifikatzen dute.
Ekitaldiaren helburua da, topaketaren sustatzaileen arabera, zerga araudi berri hori ezagutaraztea, arte eszenikoen ekoizleen eta eskualdeko enpresen arteko topaketak erraztea, eta lurraldeko kultura eta ekonomia sarea indartuko duten lankidetzak sustatzea. Horretarako, Bittori Zabala Fernandez Gipuzkoako Foru Aldundiko (GFA) Zerga eta Finantza Politikako zuzendari nagusiak eta Rodrigo Llano-Ponte Babacek aldundiko Arau Garapen eta Aholkularitza Juridikoko zerbitzuburuak hartuko dute parte. Isaac Palencia Caballero GFAko Kultura eta Gazteria Sustapeneko zuzendari nagusia eta Aizpea Otaegi Mitxelena Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidentea eta Errenteriako alkatea ere bertan izango dira.
Aldundiaren pizgarri fiskalen arabera, ekoizleek kenkaria sortu den zerga-ekitaldian lortutako etekinen %50, gutxienez, hurrengo lau urteetan ekoizpen eta erakusketa eszenikoko jardueretara bideratu beharko dituzte, Gipuzkoako ekosistema kulturala indartuz eta sektorearentzat finantza egonkortasun jasangarria bermatuz.
Jardunaldian izateko aurrez izena eman behar dute interesdunek. Hori egiteko baliatu esteka hau. Informazio osagarria nahi izanez gero, egin harremana Eskenarekin edo Agustinak Zentroarekin.
- Eskena
- Posta elektronikoa: egin klik hemen.
- Telefono zenbakiak: 946 733 518 edo 616 812 677.
- Webgunea: baliatu esteka hau.
- Agustinak Zentroa
- Posta elektronikoa: egin klik hemen.
- Telefono zenbakia: 943 518 404.
- Webgunea: baliatu esteka hau.