Bakardadea landu dute, herritarrak elkartzeko
Haziak-ek botere harremanak irauli eta haziak erein nahi ditu. Herritarrekin egiten dute lan, eta bakardadearen gaia jorratu dute Kuadrillategi eta Zaintzadiko kideekin.

Oiartzungo Haziak herrian bertan duela hamar urte sortutako egitasmo bat da, eta gizarteko partaideen arteko elkarbizitzan harreman desorekatuak eta botere harremanak iraultzea dira haren helburu nagusiak. Botere harreman horiek, ordea, hamaika motatakoak izan daitezke: naturarekiko botere harremana; hizkuntzarekikoa; giza boterea… Era berean, elkarbizitza osasuntsu bat elikatzeko asmoz, barne eraikuntzan zein kontzientzia kolektiboan oinarritutako metodologia bat garatu dute. Bide horretan, hezkuntza formala, hezkuntza ez formala eta herritarren arteko zubiak eraikitzen dihardute.
Nekane Martiarena eta Nora Barroso Haziak egitasmoko kide dira, eta azken boladan, herrian, adin ezberdinetako bizilagunekin bakardadearen gaia jorratu dutela azaldu dute Zaintzadi, Kuadrillategi, Gazte Izanak eta Irati Matelo zein Eneritz Hernandezekin batera. “Herriko zenbait eragileren artean sare lana egitea izan da lehen pausua, eta hori burutu ondoren dinamika zehatzak gauzatu ditugu, betiere adin tarte bakoitzera egokituta”, azaldu du Martiarenak. Herritarren arteko harremanak sendotu eta elkarrizketak sortu direla nabarmendu du Haziak egitasmoko kideak.
Kuadrillategiko gazteekin egin zuten lanketa hori lehendabizi, eta horretarako, Haziak lantaldearekin batera Matelo eta Hernandez ere begirale izan ziren. Lanketa horretan bakardadea eta laguntasuna izan ziren ardatz, eta kontzeptu horiek keinu, irudi, musika eta hitz jolasen bitartez landu zituzten.
Barrosok azaldu duenez, jarduera horretan poza, musika, tristura, planak, haserrea eta maitasuna bezalako kontzeptuak izan zituzten hizpide.
2024 urtearen bukaeran, ordea, 55 urtetik gorakoen txanda izan zen, eta horretarako bidelagun izan zituzten Zaintzadi eta baita Gazte Izanak erretiratuen elkartea ere.
Helduek bestelako dinamika batzuen bidez landu zuten gaia, eta haien haurtzarora egin zuten jauzi oroitzapenak lagun zituztelarik. Besteak beste, gaur egungo gazteen haurtzaroaren eta euren haurtzaroaren arteko ezberdintasunak aztertu zituzten.
Herritarrak saretzea da helburua
Gaia jorratzeko bi saio egin dituzte ikasturtean zehar, baina ez dute gaia zoriz aukeratu; nahita, baizik. “Guretzat garrantzitsua da adin eta egoera ezberdinetako herritarrak saretzea eta batzea. Gai hori espresuki aukeratu dugu orokorrean ez delako gazteria bakardadearekin lotzen. Beraz, adin tarte ezberdinetan zer gertatzen den alderatu nahi izan dugu”, jarraitu du Martiarenak.
Esperimentu horretan “hizketaldi oso interesgarriak” sortu zirela esanaz jarraitu du Barrosok. Azaldu du gazteek ondorioztatu zutela aukeratutako bakardadea mingarria bada ere, batzuetan bakarrik egon nahi izaten dutela; etxean, kasu.
Helduagoek, haatik, nabarmendu zuten bizitzako une ezberdinak izan arren, emozioak eta sentsazioak ez direla horren ezberdinak. Jarduerara Zaintzadiko erabiltzaile guztiak bertaratu ez baziren ere, idatziz, poesia bidez eta marrazkiekin egin zuten haien ekarpena.
Etorkizuneko proiektuen inguruan galdetuta, Martiarenak azaldu du badutela esku artean beste egitasmo bat, eta hori ere herriko zenbait eragilerekin landuko dute. Azaldu du oraindik ez dituztela eragile guztiak ukitu, eta askorik aurreratu nahi ez badute ere, haien asmoa “berriro ere beste gai baten inguruan saretzea” dela aipatu du. “Bide batez, esan dezakegu guztia argazki erakusketa batekin bukatuko dela”, gehitu du.