Gaztañoko polizia operazioa "gazte talde bortitz" baten desegitearekin lotu dute
Otsailaren 3an egin zuten Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak operazio bateratua, eta gaztañoko bizilagun bat atxilotu. Erakunde kriminaleko kide izatea, lesioak, hertsapenak eta mehatxuak egitea egozten diete Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera.

Polizia operazio bateratua egin zuten Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak joan den astelehenean, hilaren 3an Gipuzkoan eta Madrilen (Espainia). Polizia operazio horren barruan, bost pertsona atxilotu zituztela zabaldu du Segurtasun sailak, horietako bat Errenteria-Oreretako Gaztaño auzoan. Informazio iturri beraren arabera, lau atxiloketa Gipuzkoan izan dira eta bosgarrena Madrilen, eta bost lagunei erakunde kriminaleko kide izatea, eta lesioak, hertsapenak eta mehatxuak egitea egotzi diete.
Polizia iturriek zehaztutakoaren arabera, atxiloketen unean egindako miaketetan arma zuriak —aihotzak, katanak eta labanak—, suzko arma simulatuak, substantzia estupefazienteak, eskudirua eta gazte bandaren berezko sinbologia duten jantziak eta osagarriak atzeman dituzte. Blood taldeko kide direla zehaztu du Segurtasun sailak, eta talde hori Gipuzkoan finkatzen ari zirela..
Polizia operazioa Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuak (SICTG) agenteek eta Espainiako Poliziaren Informazioko Komisaria Nagusiko eta Donostiako Informazio Brigada Probintzialeko agenteek egin zuten.
Segurtasun sailak jakinarazi du atxilotuak epaile aurrera eraman zituztela, erakunde kriminaleko kide izatea, lesioak, hertsapenak eta mehatxuak egotzita.