'Herri Libre Bat, Euskal Herriak Erabaki' mobilizazioa aurkeztuko dute
Aurkezpen irekia hilaren 19an egingo dute, 19:00etan, pleno aretoan. Hitzorduan Pello Urzelai Gure Eskuko zuzendaritzako kidea izango da.
Gure Eskuk Herri Libre Bat, Euskal Herriak Erabaki lelopean mobilizazio nazionala egingo du ekainaren 7an, Bilbon, eta Oiartzungo Gure Eskuk haren aurkezpena egiteko bilkura deitu du.
Antolatzaileek adierazi dutenez, mobilizazio horren bidez autoafirmazio ariketa egin nahi dute; hots, “herri bat garela sinistu eta erakutsarazi: zazpi lurraldeko herria, hizkuntza, kultura eta ohitura propioak dituen herria. Burujabetzan eta autogobernuan sakondu nahi duen herria. Nazio aitortza eta erabakitze eskubidearen afera berriro ere agendaren erdigunean kokatu nahi dugu, euskal herritarrok elkarrekin bizi eta erabaki nahi dugula aldarrikatu nahi dugu”.
Hortaz, Oiartzunen aurkezpen irekia egingo dute hilaren 19an –asteazkena da–, 19:00etan, pleno aretoan. Hitzorduan Pello Urzelai Gure Eskuko zuzendaritzako kidea izango da, eta Herri Libre Bat dinamika aurkeztean gain, herrian emango dituzten urratsak azalduko dituzte.
