Urko Ansa oiartzuarrak Su Ta Gar taldearen fanzinea sortu du
Su Ta Gar taldearen jarraitzailea eta kritiko musikala izanik, musika taldearen fanzinea sortu du Urko Ansak.

Urko Ansa oiartzuarra Su Ta Gar taldearen jarraitzailea da; baita kritiko musikala ere. Hortaz, bi zaletasunak batu eta Eibarko taldearen inguruan idatzitako testuak eta argazkiak baliatuz fanzine bat sortu du.
Bere sorkuntza lanek osatzen dute bilduma, baina azken 25 urteetara mugatzen dira horiek. “Bestela liburu potolo bat irtengo zitzaidan”, aipatu zion Eta kitto!-ri. Fanzine barruko testu eta argazki oro Ansarenak dira, baina azala eta marrazkiak Amaia Nollak egin ditu.
Bestalde, aurrez aipatutako hedabideari Ansak azaldu zion lan hori ez dela Su Ta Gar taldearen fanzine ofiziala, baina taldearekin harremanetan jarri zen, eta haien baiezkoa lortuta, argitaratu egin du bilduma. 2000. urtetik 2024. urtera bitarteko testu eta irudiak aurki daitezke lanean.
Markina-Xemeinen bizi da Ansa; hortaz, liburua bertako Uhagon kultur gunean eros daiteke. Alabaina, Ondarrun, Mutrikun, Bilbon eta Eibarren ere saltzeko asmoa du.